Egunkaria irakurtzen, era askotako jokoak esku artean eta gimnasia ariketak egiten. Hala dihardute hamabi lagunek –irailaren 15etik aurrera hamalauk eta gehienak 80 urtetik gorakoek–, astelehenetik egubakoitzera bitartean, 10:00etatik 13:00etara. Udalaren eskumeneko zerbitzua da komentuan kokatu duten Autonomia Sustatzeko Espazioa (ASE), eta Arrasaten egoitza duen KL kooperatiba txikiari eman diote horren ardura, hiru urterako.
Zerbitzua ez da berria; orain arte, Arkupen elkartu izan dira erabiltzaileak. "Baina hainbat muga zituzten han, azpiegitura eta baliabideak ez zirelako aproposenak. Hortaz, hutsune bat betetzera etorri da ASE", azaldu du Nerea Zubillagak, Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak, eta hauxe gaineratu du: "Espazio erreferente bat izan dadin gurako genuke. Talde batekin egingo dugu proba orain, eta aurrerago baloratuko da beste bat sortu edo zein bide hartu".
Adineko pertsona autonomoei –mendekotasun gradu baxuena dutenei– bideratuta dago eta proiektu handiago baten barruan kokatu dute: "Zaintzari eta bakardadeari dagokion proiektuaren barruan, hain zuzen ere. Osakidetzarekin, osasun zentroaren baitan, lantzen bagabiltza gai horiek, eta Debagoiena Ehunduz ekimenean ere badugu".
Eskaera udaletxean egin behar dute interesatuek, eta Antziñe Mendia gizarte-laguntzaileak artatuko ditu; gaur-gaurkoz itxarote-zerrenda dagoela adierazi du hark. Egoiliar bakoitzak diru sarreren araberako ordainketa egingo du.
Askotariko jarduerak
Adineko pertsonak kognitiboki, fisikoki eta sozialki aktibo mantentzea da ASEko jardueren helburua, eta horretan bidelagun izango dute Haizea Uribe-Etxebarria gatzagarra. Arlo kognitiboa lantzeko, fitxak erabiltzen dituzte; hizkuntza, kalkulua eta oroimena lantzeko, esaterako. Eta arrazonamendua eta logika garatzeko, eraikuntzako materiala daukate. Teknologia berrietan ere jarduten dute; tabletarekin, esaterako. "Taldearen eta kideen ezaugarriak kontuan hartuta programa ezberdinak jarriko ditugu martxan", azaldu du KL kooperatibako psikologo Karmele Barrutiak.
Ariketa fisikoa ere egiten dute, ia ordubetez, egunero: "Aretxabaleta Mugirekin elkarlanean dihardugu horretarako. Eta asmoa da aurrera begira gimnasia zirkuitu bat martxan jartzea indarra eta oreka lantzeko".
Ostiraletan paseatzera irteten dira, harremanak estutzeko. "Herriko hainbat eragilerekin gaude hartu-emanetan, eta asmoa da elkarlanean ekintzak antolatzea: Aretxabaletako Artxiboko kideekin bisita gidatuak; Lanbide Eskolako ikasleekin saio batzuk; eta liburutegiaren laguntzarekin irakurketa erraza landu".
Taldearen ardura Uribe-Etxebarriak izan arren, Barrutiak astero egingo die bisita, banakako jarraipena egiteko, besteak beste: "Erabiltzaileekin harreman estua dugu, autonomoak direlako, baina familiekin ere hartu-emanean egoten gara. Eta balorazio kognitiboak egiten ditugu".
Espazioaren bestelako erabilerak
Arratsaldeetan ere izango du erabilerarik komentuan kokatutako espazio horrek, Zubillaga zinegotziaren esanetan. Basotxo erretiratuen elkartekoek eta Aretxabaleta Lagunkoia taldekoek bilerak egingo dituzte, baita memoria tailerraren saioak ere. Gainerako egunetan adineko pertsonendako zabaltzea da asmoa, elkargune bat izan dadin, karta-jokoan egin, telebista ikusi edo kontu kontari jarduteko. "Bakardadeari aurre egiteko ekintzetarako izango da, azken finean".