Aretxabaletak Hirugarren mailan egingo duen bigarren denboraldiari ekingo dio bihar, zapatua (17:00, Asti). Eta nabarmentzeko moduko datua da, hamarkadak igaro direlako bailarako talde batek maila horretan jarraian bi urte egin zituenetik. Alegia, Hirugarren mailara igotzeak meritua baldin badu, askoz ere zailagoa da bertan bizirautea. Eta Aretxabaletak iaz nota oso onarekin lortu zuen hori, 44 puntu batu eta gero. "Dagoeneko normaltzat hartu dugu egindakoa, baina niretako lorpen historikoa izan da mailari eustea. Eta, aurtengo helburu nagusia ere hori izango da, datorren urtean ere Hirugarren mailan jarraitzea", dio taldeko entrenatzaile Unai Calzonek. "Eta ez da erronka erraza izango, baina taldea egin behar dugu berriz, eta oso motibatuta gaude".
Zarautz, igo berria
Calzonek errespetu handia dio liga hasiera honi. "Kanpoan jokatuko ditugun lehenengo bi partiduak uste baino arriskutsuagoak dira. Zarautz eta Añorga mailaz igo berri diren taldeak dira, bai, eta norbaitek pentsatuko du kontrario errazak direla, baina kontuz eurekin. Hirugarren mailara ez dira kasualitatez igo, azken urteotan ohorezko erregionalean goialdean ibili dira eta oso dinamika positibotik datoz. Gainera, taldekideek ondo ezagutzen dute elkar, aldaketa gutxi izan dituzte. Gu iaz ere horrela geunden, oso ondo, dinamika oso positibo batetik gentozelako, eta arriskutsuak ginela erakutsi genuen. Horregatik, Zarautzi eta Añorgari errespetu handia diet".
Hala, entrenatzaile aretxabaletarrak biharko kontrarioa aztertu du. "Zarautz fisikoki gu baino talde indartsuagoa da, jokalari garaiak dituzte, eta joko zuzena egiten dute. Azken urteotan sarritan jokatu dugu euren kontra, ondo ezagutzen dugu elkar. Gu, berriz, azkarragoak gara, eta saiatuko gara baloia gehiago jokatzen, arriskua sortzen. Eta Añorgaren gainean zer esan, han atezaina kapaz da baloia ate batetik bestera bidaltzeko. Ea Zarauztik sentsazio onekin itzultzen ginen, eta hiru punturekin". [Goiena.eus atarian dituzue taldeko altak eta bajak].
Aretxabaletako taldea utzi duten jokalariak
- Jago Zuazua, aretxabaletarra. Futbola utzi du.
- Aritz Diaz de Gereñu, eskoriatzarra. Futbola utzi du.
- Xabi Azpiazu, bergararra. Futbola utzi du.
- Markel Perez, aretxabaletarra. Futbola utzi du.
- Mikel Ortiz de Urbina, gasteiztarra. Portugaletek fitxatu du.
- Aitor Iriondo, gasteiztarra. San Inaziok fitxatu du.
- Marco Vinicius, gasteiztarra. Futbola utzi du.
- Urtzi Lopez, gasteiztarra. Futbola utzi du.
- Eric Ibaeta, donostiarra. Zumaiakok fitxatu du.
Aretxabaleta indartzera etorri diren jokalariak
- Ander Fernandez Pacheco, aramaioarra. Aurrelaria da. Gernikatik dator.
- Eñaut Zumarraga, aretxabaletarra. Erdilaria da. Gasteizko Aurreratik dator.
- Ekain Ugalde, eskoriatzarra. Atzelaria da. Realetik utzita dator.
- Urko Mugerza, zarauztarra. Atezaina da. Antiguokotik dator.
- Iker Salamanca, beasaindarra. Erdilaria da, Beasaindik dator.
- Endika Saez de Eguilaz, gasteiztarra. Atezaina da. Ugatzi taldetik dator.
- Aimar Madina, antzuolarra. Realetik dator.
- Oxel Artolazabal, aretxabaletarra. Atzelaria da. Harrobitik dator.
- Markel Arosa, eibartarra. Erdilaria da. Cultural de Durangotik dator.
- Lucas Felipe Gomes, gasteiztarra. Aurrelaria da. Laudiotik dator.
- Unax Zangitu bergararra, erdiko atzelaria. Bergaratik dator.