"Bi eraikinetan egindako inbertsioarekin, udalak urrats sendoa eman du energia berriztagarrien ekoizpena handitzeko eta kontsumo energetikoa modu jasangarrian asetzeko bidean", adierazi dute Aretxabaletako Udaletik.
Kontsumoan eragina
Arkupeko instalazioak 60 kW-eko potentzia izango du; urtean 62.000 kWh inguru sortuko ditu eta kultur etxearen kontsumo osoaren %30 estaliko du. "Proiektu horrek berebiziko garrantzia" dauka Udaletik azpimarratu dutenez: "Iaz berokuntza sistema aerotermiara egokitu zenetik, Arkupeko energia-kontsumo guztia elektrikoa da. Ondorioz, erregai fosilen erabilera ez da beharrezkoa izango eta kontsumitutako energiaren heren bat bertan sortuko da".
Eskolaren beharrak asetzen
Bestalde, Kurtzebarri eskolako teilatuan egingo den instalazioak, 88 kW-eko potentzia izango du. Aurreikuspenen arabera, sortutako energia eskolaren kontsumo elektrikoaren %120 estaltzera iritsiko da, hau da, bere beharrak baino gehiago sortuko ditu.
Era berean, Udalaren estrategia zein den gogorarazi gura izan dute: "Energia berriztagarrien ekoizpen propioa handitu eta kontsumoa erregai fosiletatik guztiz aldentzea. Arkupe eta Kurtzebarri eskolako proiektu horiekin, herriko eraikin publikoen gastu energetikoa murriztu eta jasangarritasunerako urrats berria egingo da".