Hainbat jokalarik agur esan zioten taldeari denboraldia bukatzearekin batera. Eta horiek utzitako hutsunea betetzeko hamar fitxatu ditu 2025-2026ari ekiteko; horietako batzuk gainera, harrobian hazi eta kanpoan jardun ondoren datoz bueltan. Hona hemen fitxatutakoak: Ander Fernandez Pacheco aramaioarra; Eñaut Zumarraga erdilari aretxabaletarra; Urko Mugerza atezain zarauztarra; Iker Salamanca erdilari beasaindarra; Markel Arosa erdilari eibartarra; Lucas Felipe Gomes hegaleko jokalari gasteiztarra; Aimar Madina eskuin hegaleko atzelari antzuolarra; Endika Saez de Eguilaz atezain gasteiztarra; Ekain Ugalde ezker hegaleko atzelari eskoriatzarra; eta Unax Zangitu erdiko atzelari bergararra.
Horiez gain Oxel Artolazabal aretxabaletarrak, lehen taldearen dinamikan jardun ondoren, Hirugarren Mailako fitxa izango du.
Entrenatzaile taldea
Taldeak Unai Calzon aretxabaletarren aginduetara jarraituko du. Eta harekin batera izango dira: Dabid Enekotegi bigarren entrenatzaile eta Beñat Etxabe, analista eta prestatzaile fisiko lanetan. Atezainen prestatzailea Andoni Etxagibel izango da eta jokalarien osasunaren ardura Jokin Lasagabaster fisioterapeutak izango du. Delegatu lanak, ostera, Jose Ramon Gordoak egingo ditu.
Egutegia
Hirugarren Mailako 2025-2026 denboraldiko egutegia dagoeneko zehaztuta dago. Irailaren 7ko asteburuan ekingo diote aretxabaletarrek ligari Zarautzen aurka jokatuta etxetik kanpo, eta Zamudioren aurka bukatu maiatzaren 10ean, etxean.
Aurretik, denboraldia prestatzeko, lau lagunarteko partidu jokatuko dituzte; hiru etxean eta bat kanpoan. Hona hemen horiek:
- Abuztuaren 20a, 19:30: UDA-Real Union B.
- Abuztuaren 23a, 11:30: Haro-UDA.
- Abuztuaren 27a, 19:30: UDA-Gernika.
- Abuztuaren 30a, 12:45: UDA-Durangoko Kulturala.