Lapurrak sartu dira Udal biltegian eta materiala eta furgoneta bat ostu dituzte

Mirari Altube Arrese 2025eko uztailaren 18a

Furgoneta kiskalita. (Argazkia: Aretxabaletako Udala)

Ezezagun batzuk udaletxeko brigadaren biltegian sartu dira eguenetik egubakoitzera bitarteko gauean eta materiala eta brigadaren ibilgailu bat lapurtu dituzte. Hala adierazi dute Udal ordezkariek.

Eraikuntzako makinak, kableak eta iturgintzako materiala eroan dituzte, 15.000 euro inguruko balioarekin. Eta brigadaren ibilgailuetako bat erabili dute materiala eramateko. 

Gaur goizean Bergarako ertzain-etxetik jakinarazi diete Udal ordezkariei furgoneta bat agertu dela kiskalita Elgeta eta Eibar arteko errepidean. "Dirudienez, lehen aipatutako ibilgailua da", diote Udaletik.

Programatuta zeuden lanak egin ahal izateko materiala berritu beharko dute orain, eta hori bideratzen ari dira Udaleko zerbitzuak orain.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak