Udalak lokal bat erosiko du plaza estali bat sortzeko

Mirari Altube Arrese 2025ko uzt. 17a, 20:10

Udalak erosiko duen industrialdeko eraikina –beheko partea–.

Industrialdean dago kokatuta, 1.000 metro koadro ditu eta hori eskuratzeko 750.000 euro bideratzea onartu du udal gobernuak. asmoa da astelehenetako azoka, gazteen proiektu autogestionatuak, herri-bazkariak eta kultura-ekitaldiak hara bideratzea.

Ia 1.500.000 euroko kreditu gehigarri bat onartu zuen Udalak eguaztenean egindako ohiko osoko bilkuran, EH Bilduren aldeko botoekin. Diru hori erabiliko dute, besteak beste, urbanizatze lanak egiteko, baserri-bideak eraberritzeko, argiteria konpontzeko eta landa-lurrak erosteko. Zatirik handiena, 750.000 euro, baina, izango da industrialdean kokatuta dagoen 1.000 metro koadroko lokal bat erosteko.

2027an zabaltzeko asmoa

Azbe lantegia izandako eraikinaren beheko partea erosiko dute, han plaza estali bat kokatzeko. "Plaza horrek gaur egun dauden eta sortuko diren premiak aseko ditu. Sarri, pilotalekura eta kiroldegira jo izan dugu unean uneko beharrei irtenbidea emateko. Plaza horri esker ez dugu kirol espaziorik okupatu beharko", adierazi du Garikoitz Iturbe alkateak: "Gainera, duen kokapenagatik, trakzio-gune garrantzitsua izango da herriaren bizitzarako".

Udal Gobernu Taldearen asmoa da aurten erostea lokala eta birmoldaketa-proiektua egiteko eskatzea. Hala, 2026an zehar egokitzapen-obrak egingo lirateke, 2027. urtearen hasieran erabiltzen hasteko: "Gune estalia proiektu estrategikoetako bat da guretzat, eta denbora luzez daramagu lanean".

Jeltzaleen ezetza kreditu gehigarriari

EAJ ez zen bat etorri kreditu-aldaketarekin osoko bilkuran, eta horren kontra bozkatu zuen. Mikel Uribetxebarria bozeramailearen esanetan, maiatzean hiru milioi euro baino gehiago gehitu ziren 2025eko aurrekontuan eta orain beste kreditu hau gehitzeak ez du zentzurik: "Lehenengo, proiektuak landu egin behar dira, eta gero, kredituak txertatu; ez alderantziz. Eta proiektu horiek ez daude landuta".

Askotariko erabileradun plaza

Lokal itxia izango da, baina espazio zabal, ireki eta gardenarekin. Barrualdean gazteek proiektu autogestionatuak lantzeko gune itxia egokituko dute, eta bere sarrera izango du. Eta gainerakoa irekia izango da; hainbat elementu finko izango ditu, ezinbestean, baina gainerakoak jarri eta kentzekoak izango dira, erabileraren arabera. Elementu finkoen artean, harmailak egongo dira, eta komun bat, edonorentzat irekia.

Gobernu Taldearen asmoa da askotariko erabilera izatea plaza horrek. Besteak beste, honako hauek zehaztu ditu: astelehenetan Ilargi plazan egiten den azoka; umeentzako jolasgunea; eskalada-eremua; eta herri-bazkariak, kultura-jarduerak eta enpresa-ekitaldiak egiteko eremua. Herriko zenbait taldek ere erabil ahal izango dute, hala nola erraldoien konpartsak eta dantzariek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak