Udalekuak eta UDAko campusa aisialdi gozamen izan dira

Imanol Beloki Unamuno 2025ko uzt. 18a, 11:25

Udalekuetan ur-jolasetan eta UDAko Campusekoak Zubietan.

Udalak antolatuta eta Loratu taldeak kudeatzen duen Uda Ikastaroa ekainaren 30ean hasi zuten, eta gaur eman diote amaiera. Bestetik, UDAk antolatutako Geroa sortuz futbol campusa uztailaren 2an hasita, martitzenean, hilaren 22an bukatuko dute.

Hiru aste iraun dituen Uda ikastaroa gaur borobilduko dute udako aisialdiaz disfrutatzen izan diren 308 neska-mutikoek. Euren gidaritzapean izan dira 32 hezitzaile eta haur horien egunerokotasuna kudeatzeko ardura izan dute.

Egindakoarekin "pozik"

Uda ikastaroan haurrak oso ondo aritu direla euren artean nabarmendu dute Loratukoek, eta ekintzak funtzionatu dutela nabarmendu dute: "Egindako azpitaldeak orekatuak izan dira eta gustura aritu dira. Ondorio nagusia da oso pozik aritu garela". Ekintzei dagokienez, ginkanak egin dituzte, olinpiadak, irteera ezberdinak, Usakora joan dira, Arrasateko eta Aretxabaletako igerilekuetara, San Ferminak ospatu dituzte, Portasolgo jaietan ere izan dira, eta, gaur egingo dute azken jaia.

'Geroa sortuz' campusa

Uztailaren 2tik ari dira, bestalde, UDAk antolatutako Geroa sortuz futbol campusean, Ibarra futbol zelaiaren instalazioetan, kirolaz gozatzen, 2012tik 2016ra bitartean jaiotako 99 neska-mutikoak, bederatzi begiralerekin batera. Hilaren 22ra arte arituko dira ekintzak egiten, eta futbola oinarri, ildo hezitzailea eta aisialdiko jarduerak uztartzea izan du helburu nagusi egitarauak.

"Eguraldiak lagundu digun heinean aprobetxatu dugu. Astelehenean, esaterako, Zubietan izan ziren Realaren entrenamendu saio bat ikusten, eta, gero, Zumaira joan ziren hondartzara. Pare bat mendi irteera ere egin ditugu; Aldaieta Club Nautikoan ere izan ziren ur-kirolak egiten…, eta ekintza nagusia edo oinarria futbol teknifikazioa izanda, egunotan ere horren baitan herrian arituko gara. Balorazio orokorra, berriz, campusa bukatzerakoan egingo dugu, baina, orain artekoa, behintzat positiboa izan da", adierazi du Iker Gomezek, campuseko kudeatzaileak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak