Uda sasoiko Ixadebalde azoka egun bakarrean egingo dute oraingoan: uztailaren 16ean, eguaztenean. Eguraldiak lagunduz gero, postuak kalean jartzea da Aretxarte merkatarien elkarteko kideen asmoa –plazaren azpialdean, Durana kalean–: 10:00etatik 19:00ak bitartean, hain zuzen ere. Oraingoan, bederatzi merkatarik egingo dute bat han; hona hemen horiek: Asensio, Kilima, Belar Meta, Kiloka, Mari Merke, Hankabeltz, Tak, Almila Shop eta Movil Zona.
Postuetan izango dituzte arropa, oinetako eta osagarri merkatuak, baita jatekoa eta edatekoa ere, eta beste hainbat produktu. Uda sasoiko denboraldiari bukaera borobila eman gura diote horrela, opor egunak iritsi aurretik.
Eguna girotze aldera, gaztelu puzgarriren bat edo beste jartzea da asmoa, azoka-gunean bertan, arratsalde partean. Eta, postuetan erosketak egiten dituzten bezeroak saritze aldera, bi otarre zozketatuko dituzte egunaren bukaeran.