Maren Lezetak elastiko txuri-urdina janzten jarraituko du datozen denboralditan, oraingoz, 2028-2029 denboraldira arte bai. Aretxabaletarrak Anoetako estadioan sinatu du kontratu berria, Maider Castillo elite mailako emakumezkoen futbol arduradunarekin eta Garbiñe Etxeberria emakumezkoen futbol arduradunarekin batera.
Lezetak bigarren taldearekin "ibilbide bikaina" egin ostean aurreko denboraldian egin zuen lehenengo taldearekin debuta, Atletico de Madriden kontrako partiduan. Eta, Realeko ordezkariek haren izaera, teknika eta jokoa irakurtzeko daukan gaitasuna azpimarratu dute. "Bigarren taldean izan duen bilakaerarengatik eta egindako lanari esker, klubak beraren aldeko apustua egin du datorren denboraldietarako", adierazi dute Realetik. "Kontratuaren luzapen honekin, Realak harrobiarekin duen konpromiso sendoa berretsi du eta lehen taldeko erdiko lerroa indartu du kalitatezko, talentudun eta etorkizuna duen jokalari batekin", gaineratu dute.