Antzezlanei eguaztenetan egingo diete lekua, eta guztiak izango dira 19:00etan. Joan den astean, esaterako, Bizkaiko Goitibera konpainiak Eraitsi SL antzezlana egin du, Kurtzebarri eskolako kantxan. Plaza botatzen izan zen Eraitsi SL enpresa, Basque Culture Exhibition Forum megaegitura eraiki ahal izateko. Espazio publikoaren eta jolasaren inguruan hausnartzea helburu duen adin guztientzako kaleko ikuskizuna izan da.
Ilusio artistikoak sortu
Uztailaren 9an, ostera, Markeliñe konpainiako kideak Artilusio lanarekin joango dira Herriko Plazara, ikus-entzule guztientzako kaleko ikuskizunarekin. Ilusio artistikoak sortzen dituen tramankulua da artilusio, liburuz elikatzen den eta bihotz baten taupaden erritmoan funtzionatzen duen itxura fantastikoko makina handi bat. Eta haren alboan izango dira Greta adineko emakume maitagarria eta zaintza lanetan diharduen Pina.
Uztailaren 16an, berriz, Trapu Zaharra antzerki talde ezagunaren txanda izango da, Aretxabaletara sarri etorri ohi dena. La última y nos vamos azken lana eramango dute komentuko lorategira, eta oraingo honek ere umorea izango du ardatz.
Tio Teronen Semeak
Antzezlanei bakarrik ez, dantzari ere egingo diote lekua kalean: Tio Teronen Semeak dantzari taldeko kideek euskal dantza tradizionala eta umorea uztartuko dute. Ikastetxera itzuliko dira haiek, eta Haurreskolari emanaldia egingo dute hilaren 20an, domekan, Belorrieta auzoan, 20:00etan. Askoren bizitzaren parte izan diren egoerak eta doinuak lagun hartuta, une ahaztezin asko gogoraraziko dizkiete, umorez zipriztinduta.
Aldakan taldea
Musika afrolatindarra egiten duen Gasteizko Aldakan taldeak, ostera, cumbia, funk, afrobeat, chamame, songo, swing eta beste hainbat erritmo afrikarrekin eta latindarrekin beteko du Herriko Plaza, uztailaren 13an, domekan, 19:00etan. Haien doinuei jarraituta aldakak mugitzera gonbidatuko dituzte herritarrak.