Larrino auzoan San Kristobal jaiak ospatuko dituzte

Imanol Beloki Unamuno 2025ko uzt. 4a, 09:19

Iaz, Larrino auzoko jaietan batutako hainbat lagun.

Uztailaren 10erako –eguena– eta 12rako –zapatua– egitarau betea antolatu dute Larrino auzoko sankristobaletarako.

Uztailaren 10ean, eguena, San Kristobal eguna da, eta 19:30ean kanpai errepikekin adieraziko dute Larrinoko jaien hasiera. 20:00etan, berriz, meza izango da, eta, autoen bedeinkapenarekin batera, luntxa izango da bertaratuentzat. Horren baitan, autoa dotoreen apainduta eramaten duenak saria jasoko du, iaz egin zuten moduan.

Bazkaria norberak eramanda

Zapatuan, berriz, 11:30ean hasiko dute eguna, kanpai errepikarekin. Taberna ere irekiko dute, eta 12:00etan, herri kirolak eta betiko jolasak izango dira, haur eta helduentzat. 14:00etan, bazkaria egingo dute, eta nork berea eramango du. San Kristobal elkartean mahaiak izango direla adierazi dute antolatzaileek, eta mahaien erreserba uztailaren 9a baino lehen egin behar dela gaineratu dute. Erreserba egiteko, sankristobaljaixak@gmail.com helbidera idatzi beharko da.

Bazkalostean, 16:30ean, Larrinoko alebin mailako lehen pilota txapelketa egingo dute, eta 17:00etan, berriz, bala txapelketa egingo dute gazte eta nagusientzat. 19:00etan, aldiz, erromeria izango da, Olgetan taldearen eskutik.

Erromeria, lehengo erara

"Aurten, Larrino auzoko jaietan San Kristobal elkarteak eta Udalak erromeria bat antolatu nahi izan dute lehengo erara, eta horretarako deialdi zabala egiten zaio herriari, denek parte har dezaten. Ekintzak guztientzat antolatu dira, eta taberna jarriko dugu, baita aparkalekua egokitu ere", adierazi du David Agirrek, Larrinoko auzo-alkateak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak