Kaleko ikuskizunak bueltan datoz uztailean Aretxabaletara

Mirari Altube Arrese 2025ko uzt. 1a, 15:08

Arkupeko ateak itxi eta kultur ekitaldiak kalera ateratzeko sasoia da uda, eta horri eutsita, hiru antzezlan, kontzertu bat eta dantza emanaldi bat iragarri ditu Udaleko Kultura Sailak datozen asteetarako, uztailaren 2an hasita.

Antzezlanei eguaztenetan egingo diete lekua, eta guztiak izango dira 19:00etan. Bihar, esaterako, Goitibera konpainia bizkaitarrak Eraitsi SL antzezlana egingo du, Kurtzebarri eskolako kantxan. Plaza botatzera etorriko da Eraitsi SL enpresa, Basque Culture Exhibition Forum mega-egitura eraiki ahal izateko. Espazio publikoaren eta jolasaren inguruan hausnartzea helburu duen adin guztientzako kaleko ikuskizuna da.

Uztailaren 9an, ostera, Markeliñe konpainiako kideak Artilusio lanarekin etorriko dira Herriko Plazara. Ilusio artistikoak sortzen dituen tramankulua da artilusio, liburuz elikatzen den eta bihotz baten taupaden erritmoan funtzionatzen duen itxura fantastikoko makina handi bat. Eta haren alboan izango dira Greta adineko emakume maitagarria eta zaintza lanetan diharduen Pina. 

Uztailaren 16an Trapu Zaharra antzerki talde ezagunaren txanda izango da, Aretxabaletara sarri etorri ohi dena. La última y nos vamos azken lana ekarriko dute komentuko lorategira, eta oraingo honek ere umorea izango du ardatz. 

Tio Teronen Semeak

Antzezlanei bakarrik ez, dantzari ere egingo diote lekua kalean, Tio Teronen Semeak taldeari esker. Ikastetxera itzuliko dira horiek eta Haurreskolari emanaldia egingo du uztailaren 20an, domekan, Belorrieta auzoan, 20:00etan. Askoren bizitzaren parte izan diren egoerak eta doinuak lagun hartuta une ahaztezin asko gogoraraziko dizkiete umorez zipriztinduta. 

Aldakan taldearen doinu dantzagarriak

Musika afro-latindarra egiten duen Aldakan talde gasteiztarrak, ostera, cumbia, funk, afrobeat, chamame, songo, swing eta beste hainbat erritmo afrikarrekin eta latindarrekin beteko du Herriko Plaza, uztailaren 13an, domekan, 19:00etan. Haien doinuei jarraituta aldakak mugitzera gonbidatuko dituzte herritarrak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak