Haurrentzako udako ekintzak hasiko dira

Sara Lanz 2025ko eka. 27a, 18:00

Neska-mutikoak iazko udaleku irekietako ekintza batean. GOIENA

Ekainaren 30ean abiatuko dira Loratu Elkartearen udaleku irekiak –2013 eta 2021 artean jaiotako neska-mutikoei zuzenduta– eta uztailaren 2tik 22ra UDAk 'Gero sortuz' futbol campusa eskainiko du 2012 eta 2016 artean jaiotakoendako

Ikasturteari amaiera eman zaion honetan, haurrei zuzendutako eskaintza zabala egongo da uztailean zehar. Batetik, Udalak antolatu eta Loratu taldeak kudeatzen duen Uda Ikastaroa – ekainaren 30etik uztailaren 18ra–. Bestetik, UDAk antolatutako Gero sortuz futbol campusa –uztailaren 2tik 22ra–.

Asteazkenean emango diote hasiera Uda Ikastaroari, eta hiru aste iraungo du. Astelehenetik egubakoitzera, 09:00etatik 13:00etara bitartean izango da. Eguenetan, aldiz, 09:00etatik 17:00etara bitarte. Hasiera batean 300 haurrentzako lekua zegoen arren, 308 neska-mutikok disfrutatu ahal izango dute udako aisialdiaz. Egunero, guztiak Herriko Plazan bilduko dira eta egun horretan talde bakoitzak egingo duen ekintzaren arabera beste gune batzuetara mugitu beharko dute; besteak beste, Irabarrira, Galartzara, Kurtzetxikira eta Urkulura.

Guztira 32 hezitzaile izango dira 308 haur horien egunerokotasuna kudeatzeko ardura izango dutenak. Haiek askotariko ekintzak egiteaz arduratu beharko dira, haurrek ahalik eta hoberen pasa dezaten. Aretxabaletako udaleku irekien arduradun Ritxi Soaresek hauxe azpimarratu du: "Begiraleak lanean dauden arren, eurek ere haurrekin batera ondo pasatzea oso garrantzitsua dela uste dugu. Umeei ere hori transmititzeko ezinbestekoa da; helburu handi gisa hartzen dugu udalekuan disfrutatzea".

Euskara erdigunean

Loramendi Euskara Elkartea arduratzen da Uda Ikastaroaren kudeaketaz; hori horrela, elkarteak dituen balioak bultzatzen ditu. Hala, helburu nagusia da "euskara ardatz edukita haurren ongizatea bilatzea", dio Soaresek. Hiru aste horietan ekintza ugari egiten dituzte, askotariko adin tarteei egokitutakoak: igerilekura joan, mendi zein bizikleta irteerak, herri kirolak eta abar.

UDAren 'Gero sortuz' futbol campusa

Uztailaren 2an emango zaio hasiera UDAk antolatutako Gero sortuz futbol campusari, uztailaren 22ra arte egongo da martxan eta Ibarra futbol zelaiaren instalazioetan izango da ikastaroa. 2012tik 2016ra bitartean jaiotako 99 neskamutikok parte hartuko dute, bederatzi begiralerekin batera. Futbola oinarri izango duen egitarauak ildo hezitzailea eta aisialdiko ekintzak uztartzea du helburu nagusi. Jarduerak astelehenetik ostiralera egingo dituzte; astelehen, martitzen eta eguenetan 09:30etik 16:30era elkartuko dira –egun horietan bazkaltzeko aukera eskainiko dute– eta eguazten eta egubakoitzetan, 09:30etik 13:30era bitartean.

Udalekuaz arduratuko diren begiraleen artean emakumeak egotea nahi zutela adierazi du Iker Gomezek, campuseko kudeatzaileak: "Garrantzitsua da haurrek erreferenteak izatea".

Futbola ardatz

Futbola erdigunean egongo den arren, denetariko jarduerak egin ahal izango dituzte haurrek. Besteak beste, teknifikazio entrenamenduak, txapelketak eta irteerak. Ondo pasatzearekin batera, balioak transmititzea dute helburuen artean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak