'Harrotu zaitxez' eguna ospatuko dute Aretxabaletan, Lohixaken eskutik

Imanol Beloki Unamuno 2025ko eka. 27a, 11:56

2023an, Harrotasun Egunean, mobilizazioan.

Harrotasun Egunaren baitan askotariko ekintzak izango dira gaur eta bihar. Udalak egindako LGTBIAQ+ diagnostikoaren aurkezpena eta Harrotu zaitxez egunaren harira Vogue dantza tailerra gaur; eta bihar, bollomerendola eta mobilizazioa.

LGTBIAQ+ kolektiboaren aniztasuna jendartearen erdigunean jartzeko helburuarekin, Aretxabaletako Udaleko Berdintasun Sailak LGTBIQ+ diagnostikoa aurkeztuko du herritarren aurrean. Eihera eta Sudergintza enpresakoak ere aritu dira Aretxabaletako Udalarekin lanketan, eta, egindako lana plazaratzeko asmoz, gaur, egubakoitza, Mitarte kaletik abiatuta ibilaldia egingo dute, 18:00etan.

LGTBIQ+ diagnostikoaren ibilbidea.

"Ibilbidean –ordubete eta ordubete eta erdi inguruko iraupenarekin–, diagnostikoan ematen diren ondorioak jorratuko ditugu herriko hainbat txokotan. Diagnostikoaren berri ematearekin batera, ekintza eta jarduera proposamenak ateratzea da asmoa, eta horiek Aretxabalta Harro eta Lohixak eragileekin lantzen jarraitzea", adierazi du Ainhoa Sanchezek, Aretxabaletako Udaleko Berdintasun Saileko zinegotziak.

Lanean jarraitzeko asmoz

Udalak elkarlanerako dei ere egiten du, bide batez: "Kontziente gara egunerokotasunean errealitate oso ezberdinak daudela, eta herrian denok dugunez tokia, denon ahotan entzutea nahi ditugula ahots guztiak. Udala pixka bat arrotza ere izan daiteke, baina Aretxabaletako eragileen eskutik, denok batera, ahalik eta jende gehienendako eta ahalik eta bizigarriena izateko lanean jarraituko dugu", adierazi du Ainhoa Sanchezek, Aretxabaletako Udaleko Berdintasuneko zinegotziak.

Motorrak berotzeko ekintza

Aretxabaletako Udalaren diagnostikoaren aurkezpenarekin batera, Harrotasunaren Nazioarteko Egunaren baitan, gaur eta bihar beste hainbat ekintza izango dira, Aretxabaletako Lohixak taldearen eskutik. Batetik, Harrotu zaitxez: Vogue dantza tailerra egingo dute gaur, 16:00etan, kuartelean. Jaiki elkartearen eskutik, house doinuak oinarri dituen Vogue dantza ikastaroa egingo dute.

'Harrotu zaitxez' eguna

Bihar, zapatua, berriz, LGTBIAQ+ Komunitatearen Nazioarteko Egunaren baitan, Harrotu zaitxez eguna ospatuko dute, eta egitarauaren baitan –ekitaldi guztiak mistoak dira– merendola eta mobilizazioa izango dira. Hain zuzen ere, 16:00etan, bollomerendola politikoa egingo dute, udaletxe zaharrean, eta 18:00etan, berriz, mobilizazioa egingo dute, Herriko Plazatik abiatuta. LGTBIAQ+ Komunitatearen Nazioarteko Eguna mugarri izanda, mobilizatzera deitu dituzte herritarrak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak