Lagun taldea sortu eta harremanak lantzeko; autonomia eta independentzia garatzeko; eta sedentarismoa gutxitu eta aktibismoa sustatzeko, besteak beste, sortu dute Haize Berri taldea eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza bati esker jardun dute lanean urtarriletik ekainera bitartean. Taldearen bueltan elkartu dira Debagoieneko hogei gazte baino gehiago, lau begiralerekin. Sukaldari eta sortzaile lanetan jardun dute, mozorrotu egin dira eta irteera mordoa egin dituzte: Eureka! zientzia museora (Donostia), Salburua parkera (Gasteiz), Sendavivara (Nafarroa)…
Elkarri agur esateko Urkulu urtegiaren bueltan elkartu ziren joan den domekan. Bueltatxoa eman zuten han eta gero jatekoa prestatu Otala Zelain. Lagun giroan bazkalduta amaiera ezin borobilagoa eman diote ikasturteari.