Enplegagarritasunean konpetentzia digitalek sortzen duten genero arrakalari erantzuteko tresna aurkeztu berri dute –ede.eus, hain zuzen ere–, honako datu hauetatik abiatuta: "Debagoieneko enplegu-eskatzaileen %59 emakumeak dira, eta hasierako hipotesiaren aurka, gehiengo zabalak oinarrizko ezagutza digitalak edo oinarritik gorakoak dituen arren, laneratzekoan ez dituzte gaitasun digital horiek erabiltzeko testuinguruak aurkitzen", adierazi du Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak, STEM eta Digitalizazio taldeko ikertzaileek ondu baitute tresna digitala, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Debagoieneko zenbait eragileren laguntzarekin.
Zehazki, webgune bat da ede.eus, eta, funtsean, "formazioen bilatzaile bat" dela azaldu du Unai Etxebestek, webaren diseinuaz arduratu den Goisolutions enpresako kideak. "Saiatu gara hiru urratsetako ibilbide bat prestatzen: enplegu-arlo orokorrak zehazten dira hasieran, gai zehatzagoak bigarren urratsean, eta formazioaren modalitatea eta maila, hirugarrenean. Hori eginda, datu basean ezaugarri horiek betetzen dituzten formazioak erakusten dizkigu tresnak". Gaur-gaurkoz, bailaran formaziorako dauden doako aukerak jasotzen ditu.
Ikerketaren jatorria
Irati Romero eta Egoitz De la Iglesia, Huheziko kideak, dira tresnaren sorkuntzan parte hartu duten ikerlarietako bi, eta honako hau adierazi dute: "Digitalizazioari lotuta, hezkuntza arloarekin harreman sendoa du taldeak, baina beste gizarte eragile batzuekin zubiak eraikitzeko helburuarekin ekin genion ikerketari, digitalizazioak eragiten duen genero arrakalaz jakitun". Bada, bide horretan, Goisolutions ez ezik, lagun izan dute Emun ere.