Bailarako emakumeen digitalizazioa eta enplegagarritasuna berbagai, egubakoitzean, Aretxabaletan

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko eka. 18a, 12:00

Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak antolatu du jardunaldia, EDE Klik morea: Debagoieneko emakumeen enplegagarritasuna sustatzeko tresna izenpean.

Enplegua lortzeko eta enpleguari eusteko orduan gaitasun digitalek genero-desberdintasunean nola eragiten duten aztertu dute Huhezi fakultateko Digitalizazioko eta ZTIMeko –Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika– ikerketa taldeak, eta "arazo horri erantzuteko ekosistema digital bat" garatu dute: "Eskualdeko emakumeen enplegagarritasuna hobetzearren, doako tresna eskuragarri eta pertsonalizatu bat".

Bada, hori aurkeztuko dute egubakoitzean, ekainaren 20an, Aretxabaletako campusean, 09:00etan hasita. Proiektuaren aurkezpen ofiziala egingo dute lehendabizi, eta mahai-inguruak hartuko dio lekukoa 10:00etan, proiektuaren parte izan direnekin: Nagore Ipiña, Huheziko dekanoa; Olaia Gerrikabeitia eta Zuriñe Galartza, Debagoieneko Mankomunitateko lan-orientatzaileak; Leire Arregi, oinarrizko digitalizazioan espezializatutako hezitzailea; Sonia Etxenausia, Emun-eko berdintasun eta genero gaietarako aholkularia; Maria del Mar, ekosistema digitalaren erabiltzailea; Xabier Arnaiz, Bastida Akademiako ordezkaria; eta Loreto Susperregi, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza Zuzendaritzako zerbitzuburua.

Proiektuaren xehetasunak

Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako "kalitatezko enplegua sustatzeko" iazko deialdian kokatzen da proiektua, eta tokiko eragileak izan dituzte lagun: Emun, GoiSolutions, KZ guneak, Lanbide, Bastida Akademia eta Miguel Altuna lanbide-heziketako zentroa. Gaitasun digitaletan dauden prestakuntza-eskaintzak identifikatzen eta sailkatzen aritu da taldea azken hilabeteotan, helburu argi batekin: "Ekimen honekin, Mondragon Unibertsitateak eta bere bazkideek beste urrats bat egin nahi dute, genero-arrakala digitala murrizteko eta Debagoienean enplegu inklusibo eta ekitatiboago bat sustatzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak