Ikasturteari amaiera borobila eman diote

Babestutako edukia 2025eko ekainaren 13a

Aretxabaletako Lanbide Eskolako ikasleak, keztatze-erretegiarekin. (Argazkia: Aretxabaletako Lanbide Eskola)

Aurtengo ikasturtea bukatzeko, Aretxabaletako Lanbide Eskolako Soldadura eta Eraikuntza Metaliko Zikloko ikasleek keztatze-erretegi bat sortu eta martxan jarri dute, Lanbide Heziketako Akuakultura Eskolarekin batera.

Ikasturtea amaitzeko proiektu berezi bat izan dute Aretxabaleta Lanbide Eskolako Soldadura eta Eraikuntza Metaliko Zikloko ikasleek: keztatze-erretegi funtzional bat diseinatu, eraiki eta martxan jartzea lortu dute, Mutrikuko Kardala Eskolarekin egindako elkarlanean. Kardalako ikasleek Akuakultura Zikloa ikasten dute –uretako animalien eta landareen hazkuntza–, eta erretegi hori euren ekoizpen-prozesuetan erabiliko dute; hain zuzen, arrainaren keztaketa prozesuan.

Proiektu hori azken hilabeteetan zehar garatu dute, eta ikasleek aukera izan dute fabrikazio-prozesu osoa bereganatzeko, hasierako diseinutik azken akaberaraino. Hasiera batean, ikasleek Solidach programa erabiliz diseinuak egin zituzten, eta plasma-makinen bidez piezak moztu zituzten. Ondoren, soldadura-teknikak aplikatuz, keztatze-erretegia eraikitzen joan ziren.

Prozesua ez zen eraikuntza teknikoan bakarrik oinarritu, baizik eta bi eskolen arteko lankidetza estuan. Kardalako ikasleek Akuakultura Zikloan erabiltzeko erretegi egokia izan nahi zuten, euren arrain ekoizpen-prozesuetan aplikatu ahal izateko. Horregatik, Aretxabaletako ikasleek Mutrikuko ikasleen beharrak entzun eta erretegi horiek behar zituzten parametro eta baldintzetara egokitu zituzten.

Lehenengo probak

Proiektuaren azken fasean, soldadurako ikasleek erretegia eskola barruan piztu eta lehenengo keztaketa-probak egin dituzte; eta arrakastatsuak izan dira. Gainera, funtsezkoak izan dira keztatze-sistemaren efizientzia baloratzeko.

Horrelako lan bat garatzeak agerian utzi du elkarlanen balioa. Ikasleek ez dute erretegi bat diseinatu eta eraiki bakarrik; baizik eta benetako aplikazio bat duten produktua garatu dute. Hortaz, proiektu horrek ikasleen prestakuntza teknikoa eta gaitasun pertsonalak uztartu ditu: talde-lana, ekimena, arazo-konpontzea eta beste espezialitate batzuekin elkarlanean aritzeko trebetasuna garatu dituzte.

Irakasleek nabarmendu dute ekimen hori "ikasgelatik haratago doan benetako erronka" izan dela, eta bi ikastetxeen arteko lankidetza ez dela amaitu; izan ere, datorren ikasturtean lankidetzak jarraitzea espero dute, keztaketa-prozesua optimizatzeko eta beharrezko egokitzapenak egiteko.

KEZTATZE-ERRETEGI FUNTZIONAL BAT DISEINATU, ERAIKI ETA MARTXAN JARTZEA LORTU DUTE

Lankidetzaren etorkizuna

Orain, ikasleek proiektuaren jarraipena egiteko aukera dute, nahiz eta kurtsoa amaitzear dagoen. Kardala Eskolak keztatze-erretegia erabiliko du arrain ketuaren probak egiteko, eta, emaitzen arabera, baliteke hobekuntza batzuk behar izatea.

Aretxabaletako Lanbide Eskolako ikasleak, irakasleekin batera, prest egongo dira egin beharreko egokitzapenak egiteko.

Horrelako proiektuak ez dira berriak Aretxabaleta Lanbide Eskolan; aurretik, Bizkaiko beste ikastetxe batekin elkarlanean, kalistenia parke bat diseinatu eta eraiki zuten. Ekimen hark ere ikasleen prestakuntza praktikoa indartu zuen, eta arrakasta handia izan zuen.

Horrenbestez, halako esperientziek elkarlaneko proiektuen garrantzia azpimarratzen dute; gainera, eskolen arteko lankidetza sustatuz, ezagutzak partekatu eta ekimen berriak garatzeko aukera zabaltzen da.

Datorren ikasturtean horrelako proiektuak lantzen jarraitzeko asmoa dago; Aretxabaletako Lanbide Eskolakoek diote ikasleen motibazioa nabarmen handitzen dutela.

Azaleko lesioak

Horrez gain, ekainaren 18rako, ikastetxean presioko ultzeren inguruko monografikoa antolatu dute, eta hainbat adituk hitzaldiak eskainiko dituzte. Hauek izango dira hizlariak: Izaskun Arriaran, Debagoieneko Ospitaleko erizaina; Maria Gardoki, GRS Aretxabaletako egoitzako fisioterapeuta; Garazi Murgialday, Donostia Ospitaleko erizaina. Horrekin batera, Repose dispositiboak ezagutzeko aukera egongo da; azken berrikuntzak lesioen tratamenduan.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak