Zapatu honetan ospatuko dute Harro Eguna Aretxabaletan, eta aurtengoa laugarren edizioa izango da. Atxabalta Harrok antolatutako ospakizunak bi erro izango dituela adierazi dute antolatzaileek: batetik, aldarrikapen eguna izango da, eta, bestetik, harro egoteko eta, bide batez, ospatzeko eguna.
Egun osoko programa
12:00etan hasiko da eguna, eta, horretarako, Harrobira egingo dute, Portasol auzoan hasita. "Portasoldik hasita, ibilbidea egingo dugu, musikak lagunduta, herria esnatzeko eta jendea jaira batzeko", adierazi du Beñat Arizabaletak, Atxabalta Harro elkarteko kideak. 15:00etan, berriz, bazkaria egingo dute, frontoian, eta bertan egingo dute pregoia, erreferenteen museorekin batera. "Normalean, goizean egin izan dugu pregoia, baina, ez zenez hainbeste jende batzen, bazkalostean egitea erabaki dugu aurten, bazkarira datozenek, behintzat, gure mezua entzun dezaten. Horrekin batera, iaz, kolektiboko banderen azalpenekin, erreferente batzuen irudiekin… museo txiki bat osatu genuen, eta, izandako arrakastarekin, aurten beste buelta bat eman nahi izan diogu museo horri. Aurten, hiru dispositibo edo instalazio prestatu ditugu, eta mugitu ahal izango ditugu, kalean ere jendeak ikusi ditzan eta informazioa jaso dezan". 18:00etan, karaoke ganberroa izango dute, Kixkor tabernan, eta 21:15ean, Mikel Night –Arlutz taberna– eta Protect eta The Dolls –Izotz taberna– izango dira. Gauean, aldiz, Muxutruk eta DJ Romo –Haizea taberna– eta Kolorefest eta DJ Ruso –Orly tabernan– izango dira. "Tabernak espazio seguru bihurtzeko lanketa ere ari gara lantzen eurekin elkarlanean".
Hiru dispositibotan prestatutako erreferenteen museoa egin dute aurten
Errealitatearen berri ematen
Egitarauaz gain, aurten egindako ekintza berezi moduan honako hau ere azpimarratu nahi izan du Beñat Arizabaletak, Atxabalta Harro elkarteko kideak. "Kurtzebarri eskolakoak, maiatzaren 17aren harira, gurekin eta Lohixak taldearekin harremanetan jarri ziren, eskolan sentsibilizazio-lana egiten dutelako. Bi taldeak bertan gaudela adierazteko, DBHko laugarren mailako ikasleei herriko mobilizazioen berri emateko, taldeak aurkezteko, gurekin parte hartzeko edo laguntza emateko. Aretxabaletako errealitatearen berri eman diegu, eta talde bakoitza nondik datorren adierazi.
Erasoa salatu dute
Bestalde, LGTBIQ+ kolektiboaren aurkako erasoa salatu du Atxabalta Harro elkarteak, sare sozialen bidez. Hain zuzen ere, zapatuko egitarauaren berri ematen zuten kartelak kendu izana salatu zuten joan den astean antolatzaileek.
Diagnosia eta Harrotasun Eguna
Harro Egunaz gain, hilabetean zehar beste hainbat ekintza ere izan dira, eta oraindik ere egingo dituzte. Ekainaren 27an, LGTBIQ+ diagnosia aurkeztuko dute, 18:00etan, Mitarte kalean. "Aretxabaletako Udalak bideratu duen lana izan da, elkarteen eta norbanakoen parte-hartzearekin. Modu diplomatikoan beharrean, kalean egingo da ekitaldia, ibilbide batekin, jolasekin… herriari ulertarazteko txostenak adierazi nahi duena".
Ekainaren 28an, LGTBIQ+ eta Harrotasun Eguna izango da, Lohixak-ek antolatutako egun osoko programazioarekin. Tailerra, bazkaria, manifestazioa eta abar izango dira. "Udalak adierazpen instituzionala egingo du, eta herritarrei aldarrikatzeko gonbidapen bat izango da. Eskubideetan ezberdintasunak daudelako eta, horrez gain, lanketak egiteko daudela azpimarratzeko".