Euskarari astindu bat emateko plana, gertu

Mirari Altube Arrese 2025ko eka. 13a, 11:21

Udal ordezkariak, hainbat eragile eta Elhuyarko aholkularia, plana aurkezten.

Euskara indarberritzea eta euskaldunak ahalduntzea helburu duen plana garatu du Udalak, Elhuyarrek gidatuta, eta herriko hainbat eragilerekin lankidetzan. Hamar urtetarako gida izango da eta hamabi erronka jaso dituzte hor, baita lan metodoa ere.

AROA plana –euskara indarberritzeko eta euskaldunak ahalduntzeko plana– garatzen jardun du Aretxabaletako Udalak azken hilabeteetan parte-hartze prozesu bidez eta Elhuyarrek gidatuta. Euskararen egoera ezagutzeko diagnostikoa egin zuten lehenengo; eta horretarako informazioa jaso zuten orain arte egindako azterketetatik, herritarrek erantzundako galdetegitik eta zenbait pertsonari egindako elkarrizketetatik.

Euskararen egoerak hainbaten kezka eragiten duela ondorioztatu zuten. Izan ere, ezagutza datuak onak izan arren –hamarretik zortzik ulertzen dute eta seik badakite– kale erabileraren bilakaerak beheranzko joera izan du azken hamar urtetan –azken datuak 2021ekoak dira–: 14 urtetik beherakoen artean, 14,7 puntu jaitsi da; eta 65 urtetik gorakoen artean, 18,7 puntu. Gainerako bi taldeek, 15 eta 64 artean daudenek, gora egin dute zertxobait. Horrez gain, "alarma zantzuak" ere atzeman zituzten elkarrizketetan eta lan saioetan jasotakoetan oinarrituta: aretxabaletar asko eroso daudelako euskararik gabe ere, gazte askorengan gaitasun falta igartzen delako euskaraz natural jarduteko eta helduen esparrua erabat erdaldunduta dagoelako, besteak beste.

Talde motorra eta autonomoak

Herritarrekin egindako hiru lan-saioren ostean plana zehaztuta dago. Lehentasunak ezarrita, hamabi erronkarekin osatu dute eta horiek lortzeko landu beharrekoak jaso. Talde motor bat sortuko dute horretarako, Udalak eta Loramendi elkarteak osatuta, besteak beste, planari jarraipena egiteko. Eta talde txikiak ere egongo dira, erabat autonomoak, lanketa zehatzak egiteko.

Hamabi erronkak

Hona hemen jasotako hamabi erronkak:

  • • Herri kultura indartu, komunitate kohesioa euskararen inguruan eraiki. Kontzientziak jorratu eta euskaraz hitz egiteko ohitura natural egin.
  • • Euskara erakargarri egin. Euskarara hurbildu ez diren herritarrak euskarara erakarri.
  • • Euskara erakargarri egin. Erreferente eta eragile euskaldunak sendotu, ikusarazi.
  • • Aliantzak zabaldu eta aktibatu eta elkarlanean lan egin. Koordinazioa eta osagarritasuna sustatu eremu instituzionalean zein sozialean.
  • • Kirola, aisialdia eta eskolaz kanpokoak arnasgune bihurtu. Familiak jabetu alor honetan euskarak duen garrantziaz.
  • • Merkataritzan eta ostalaritzan euskara eguneroko bizitzan eroso erabili. Euskara erabiltzen dutenak aitortu, ikusarazi.
  • • Euskara aretxabaletarren egunerokoan erdigunean jarri. Euskararen babesguneak indartu eta berriak sortu.
  • • Euskararen kalitatea eta ahozkotasuna hobetu. Ahozkotasuna lantzeko dauden dinamikak indartu, hobetu.
  • • Helduek euskarari eustea eta erreferente onak izatea. Gurasoen hizkuntza-portaeratan eragin, erreferente on bihurtu.
  • • Gazteek euskarari eustea eta gazteagoen erreferente positibo bihurtzea. Gazteen artean euskararen aldeko jarreretan eragin.
  • • Gazteek euskarari eustea eta gazteagoen erreferente positibo bihurtzea. Gazte askok euskararen inguruan duten ikuspegi negatiboa aldatu.
  • • Gazteek euskarari eustea eta gazteagoen erreferente positibo bihurtzea. Euskaldun izatea, identitatea gazteekin berariaz landu.

Juanjo Perez Martinez de Lahidalga –Elhuyarko aholkularia–

Planaren lanketa gidatu du aretxabaletarrak.

Planaren lanketa prozesuan zehar zein sentsazio jaso duzu, lan-saioetan, esaterako?

Gogoa ikusi dut, gogoa eta kezka. Saioetan parte hartu dutenek nahiko argi zuten zein den egoera; hainbat alorretatik hurbildu dira, bere ikuspegia islatu du bakoitzak, baina, orokorrean, bat etorri dira kezka nagusiekin. Hala ere, azpimarratu nahi nuke ez direla soilik "negar egitera" etorri –askotan gertatzen baita hori–, konprometituak ikusi ditut, gauzak aldatzeko asmoz, elkarren arteko aliantzak eraikitzeko gogoz...

Aretxabaletan atzera egin den sentsazioa dago, euskararen erabilerari dagokionez, eta adin tarte batzuetan hala izan dela diote datuek. Zer gertatu da?

2003az geroztik, % 49 eta % 42 artekoa izan da euskararen erabilera kalean, baina 2011az geroztik, beherako joera nabarmena da. Daturik kezkagarriena 14 urte bitarteko gaztetxoen artekoa da, ia 15 puntu egin baitu behera haien erabilerak azken hamar urteotan; hala ere, argi utzi behar da gazte eta gaztetxoak direla Aretxabaletan euskara gehien erabiltzen dutenak. Arrazoiei dagokienez, ezin gara herriko testuingurura mugatu soilik, baina saioetan kezka hauek azaldu dira: helduon hizkuntza-portaera inkoherentea –haien artean gaztelaniaz, eta haur eta gazteei euskaraz egin dezaten eskatu–; erlaxazio kolektiboa –guraso gazteak, batez ere–; euskararenganako atxikimendu ahula; elebidunak izan arren, gaztelaniaz gaitasun handiagoa izatea, erregistro informaletan, batez ere; merkataritza eta, batez ere, ostalaritzaren erdalduntzea... Gaur egun, Aretxabaletan lasai asko bizi daiteke euskararik gabe...

Agerian geratu da prozesu horretan Aretxabaletan badagoela zerbaiten beharra euskararen erabilera pizteko. Plan hori gakoa izango dala asko esatea izango da behar bada, baina bide bat izan daiteke?

Argazkia zein den argi dago, egin diren proposamen asko zehatzak eta egingarriak dira, baina ezin da Udalaren eta Loramendiren bizkarrean utzi egoerari buelta emateko ardura. Aretxabaletarron inplikazioa gakoa da. Orain arteko dinamikekin jarraitzen badugu, gaztelania gailentzen jarraitzea ez dugu geldiaraziko. Euskarak kezkatzen bagaitu, gure lehentasunen artean kokatu behar dugu, 1970eko testuingurura itzuli behar gara, garai hartako ilusio, pizkunde eta inplikazio mailara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak