Urbaltzeko kideak gertu daude Montferritik datozenak hartzeko

Mirari Altube Arrese 2025ko eka. 6a, 16:16

Orain dela bi urteko topaketan elkartutako kideak. (Argazkia: Anjel Bergaretxe)

Ekainaren 13tik 15era izango dira Aretxabaletan Tarragonako lagunak, seigarren elkartrukearen baitan.

30 lagun iritsiko dira ekainaren 13 iluntzean Tarragonatik, eta aretxabaletarrak zain izango dituzte harrera beroa egiteko. 2019an egin zuten lehen topaketa, Urbaltzeko hainbat bazkidek bazutelako kataluniar batzuekin harremana, eta, ordutik hona, adiskidetasuna estutzen joan da, seigarren urteurrena bete da eta. Kontu-kontari jarduteko, herriko txokoak eta inguruetako parajeak ezagutzeko eta jai-giroan murgiltzeko astia izango dute hiru egunean.

Bazkarirako txartelak salgai

Etorrera girotzen 20:00etan hasiko dira aretxabaletarrak, UPyD taldearekin kantuan eginda eta bertako jakiekin egindako pintxoak dastatuta. Eta 21:00etan egingo diete harrera.

Zapatu goizean bi ekitaldi izango dituzte aukeran: Arantzazu ezagutzeko irteera eta txalaparta ikastaroa. "Interesa piztu du ikastaroak, dagoeneko 17-18 bat lagunek eman dute-eta izena", adierazi du antolatzaile taldeko Anjel Bergaretxek. Eguerdi partean bazkaltzeko elkartuko dira, Mitarte plazan, eta oraindik badago aukera izena emateko; astelehena bitartean izango dituzte salgai txartelak, Urbaltz tabernan –25 euro helduek eta 10 euro umeek–. Gauean, ostera, bola-txapelketa jokatuko dute: "Pentsa, orain dela bi urte, kataluniar batek irabazi zuen!".

Domekan, azkenik, Aretxabaletako txokoak ezagutzeko aukera izango dute, Aitor Antxia Leturia gidari dela: "Lau edo bost interesgune erakutsiko dizkiegu, askorik aspertu ez daitezen: kanposantua, kuartela eta udaletxea, adibidez". Asteburu bete-betea bukatuta, etxerako bidea hartuko dute orduan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak