Gazte gara gazte

Mikel Arriola: "Pena da dortsalak lortzeko ordutegi finko bat izatea"

Julen Murua Mesonero 2025ko eka. 6a, 11:55

Mikel Arriola Elexpuru, Aloñako Igoerako helmugan.

Kirolarekiko eta mendiarekiko lotura handia du Mikel Arriola Elexpuruk (1999, Aretxabaleta); izan ere, Fisioterapian graduatua da eta txikitatik du gustuko mendia. Hainbat mendi lasterketatan parte hartutakoa da, gainera. Suhiltzaile izatea da haren etorkizuneko helburua.

Zegama-Aizkorri lasterketa jokatu berri da; han izan zinen?

Aurten ezin izan naiz ikustera joan, baina badut urtero joateko ohitura. Gainera, badut egunen batean lasterketa egiteko asmoa ere; amets bat betetzea izango litzateke. Azkenengo bi urteetan eman dut parte hartzeko izena, baina zozketan ez zait dortsala tokatu. Hurrengo urteetan saiatzen jarraituko dut.

Lasterketen aurretik edo ostean eskatzen dizute fisioterapia saioren bat egitea?

Ez dut gogoan lasterketaren bueltan lagunen batek fisioterapia saioren bat egiteko eskatu izana, baina oso ohikoa izaten da egunerokotasunean gertuko jendeak masajeren bat egiteko eskatzea. Askotan izaten da, gainera.

Fisioterapeuta batek ematen dizkio masajeak bere buruari?

Badaude automasajeak emateko materialak eta aukerak, baina nik beste fisioterapeuta batengana joatea hobesten dut.

Fagor Ederlanen fisioterapeuta izatetik kirolariekin lanean ibiltzera asko aldatzen da zure lana?

Enpresa bateko fisioterapeuta izateak edo kirol arloko fisioterapeuta izateak eragiten du gauza dezente aldatzea. Azkenean, lesio motak eta lesio horiek tratatzeko moduak ez dira berberak. Pertsonekin lan egiten dugu beti, baina kirolean, esaterako, txapelketa tartean dagoenez, beste presio mota bat igartzen dudala esango nuke.

Noiztik duzu mendiarekiko zaletasuna?

Betidanik dudala esango nuke, etxean beti izan baitugu mendira joateko ohitura; Pirinioetara, batez ere. Mendiari lotutako kirol askotan ibili naiz urteotan, baina, batekin gelditu beharko banu, mendiko eski modalitatea aukeratuko nuke.

Gaur egun moda bilakatu da mendia?

Badu alde positiboa eta negatiboa: alde batetik, mendizaletasuna partekatzen dugun jende gehiago gaude, eta hori aberasgarria da; bestalde, masifikazioak eragiten du mendian lortu nahi den lasaitasuna ez aurkitzea. Moda, askotan, argazki bat ateratzeari edo dortsal bat lortzeari lotuta dago.

Dortsala lortzearena bigarren lasterketa bat da gaur egun.

Lehenago, erraz eta lasai egin zitekeen; gaur egun, pena da ordutegi finko bat izatea.

Etorkizuna nola irudikatzen duzu?

Fisioterapeuta gustura ari naizen arren, betidanik izan dut buruan suhiltzaile izatea. Oposizioak prestatzea eta suhiltzaile izatea da asmoa.

MOTZEAN

Bidaiatzeko toki bat? Jaca.

Janari gustukoena? Txuleta.

Mendi lasterketa bat? Ikazkin Trail.

Bailarako mendi bat? Kurtzebarri.

Basamortura eramateko? Argazki-kamera eta eskuko telefonoa.

Aretxabaletako toki bat? Kiroldegiko spa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak