Harro Eguneko egitarauaren kartelak kendu dizkietela kaleetatik salatu du Atxabalta Harrok

Mirari Altube Arrese 2025ko eka. 4a, 06:57

LGTBIQ+ kolektiboaren aurkako erasoa izan dela Aretxabaletan salatu du Atxabalta Harro elkarteak sare sozialen bidez. Ekainaren 14rako antolatu dute Harro Egunaren ospakizuna, eta egun horretako egitarauaren berri ematen zuten kartelak jarri zituzten joan den egubakoitzean kaleetan: "Igande goizean kartel guztiak kenduta zeudela konturatu ginen, bakarrik gure kartelak".

Nahita egindako ekintza bat izan dela adierazi dute, "eraso bat", gainerako kartel guztiek jarrita jarraitzen zutelako. Gertaera hori salatu gura izan dute sare sozialen bidez, "Aretxabaletan ere gertatzen direla halakoak" ikusarazteko:  "Batzuetan ez zaie behar besteko garrantzia ematen halako erasoei. Eta konturatu behar dugu oraindik lan handia dagoela egiteko, baita gurean ere. Eta erantzun bat eman behar da halako erasoen aurrean".

Argi utzi gura izan dute borrokan jarraituko dutela, aldarria zein den oso argi dutelako; horregatik, eskubideen alde borrokatzeko lan egingo dute: "Gure eskubideen eta gure identitatearen aurkako eraso bat izan da. Herrian oihartzuna izan behar du gertaera horrek, eta herriak erantzun egin behar du halako eraso baten aurrean. Guztion artean egin behar dugu Aretxabaleta herri seguru bat eta herri babesle bat. Guztiok seguru eta konfiantza giroan bizi ahal izateko Aretxabaleta bezalako herri batean, oraindik bide luzea dagoelako egiteko, eta guztion ardura delako Aretxabaleta aldatzea".

Harro Eguna

Ekainaren 14ko Harro Eguna ospakizunerako antolatutakoen berri eman zuen Atxabalta Harrok joan den egubakoitzean. Hona hemen egitaraua:

  • 12:00 Harrobira, Portasol auzoan hasita.
  • 15:00 Bazkaria eta pregoia –erreferenteen museoa–, pilotalekuan. Bazkarirako txartelak Paulaner tabernan dituzte salgai 23 euroren truke. Menua: entsaladilla; makarroiak tomate eta txorizoarekin; haragi bolak saltsan; eta brownia. 
  • 18:00 Karaoke ganberroa, Kixkor tabernan.
  • 21:15 Mikel Night –Arlutz taberna–, Protect eta The Dolls –Izotz taberna–.
  • Gauean, Muxutruk eta DJ Romo –Haizea taberna– eta Kolorefest eta DJ Ruso –Orly tabernan–.

Gainera, herritarrak gonbidatu dituzte leihoak eta balkoiak apaintzera egun horretan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak