Euspot lehiaketara aurkeztutako lanak bozkatzeko epea zabalik da

Mirari Altube Arrese 2025ko eka. 3a, 16:37

Lehiaketaren antolatzaileak.

115 lan jaso dituzte hamalaugarrenez antolatu duten euskarazko spot lehiaketan. Zer da laguna izatea? gaiari erantzunez 30 segundotako lanak eskatu dituzte eta dagoeneko eman dezakete botoa ikus-entzuleek; horretarako azken eguna ekainaren 4a izango da.

Euskarazko sormena sustatzeko asmoz sortutako lehiaketa da eta antolatzaileen artean daude Aretxabaletako Udala, Mondragon Unibertsitatea, Arteman eta Arizmendi Ikastola. Horien esanetan euskal publizistek, agentziek eta arloko agenteek euskaraz sortzeko eta garatzeko gai izango diren profesionalak izatea da helburua.

Zer da laguna izatea? izan du gai aurten, "adiskidetasun harremanak" izanik inspirazio iturri: "Gaur gaurko gaia da. Agenda politikoan ere badago gaurko gazteen arteko harreman sanoak sustatu beharra, sareek eragiten dituzten mehatxuak aintzat hartuta, teknologiek ahalbidetzen dituzten komunikazio eta harremanetarako jarrerak, bertatik bertarakoak, harreman inklusiboak, dibertsitateari aurre eginez eraikitzen direnak, eta beste hamaika adibide".

Spot onenak 1.000 euro

Sari banaketa ekitaldia ekainaren 12an egingo dute, 19:00etan, Arkupeko Zaraia aretoan. Eta lau sari nagusi banatuko dituzte han: spot onenak, 1.000 euro jasoko ditu; publikoaren gustukoenak, 500 euro; Gazte Sariak –18 urtez azpikoei zuzenduta– 500 euro; eta musika sinkronizazio onenarenak, 300 euro. Horrez gain, bi sari gehigarri banatuko dira: Mondragon Unibertsitateko ikasleen spotik onenak 500 euro eskuratuko ditu eta Arizmendiko ikasleen onenak, berriz, 250 euro.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak