Gaur egun hutsik dagoen eta sasoi batean parke izandako Lausitta inguruneko plaza "hainbat jolasen gune" bilakatu gura du Udalak. Horren diseinua zehazteko prozesu bat abiatu du, Arrasateko Txatxilipurdi elkartearekin, eta umeak dira protagonistak.
"Hausnarketa abiatu genuen, eta hortik ondorioztatu gaur egungo jolas parkeek estilo berbera dutela. Gure asmoa izan da betiko jolasei eta beste batzuei lekua egitea", azaldu du Garikoitz Iturbe alkateak. Eta bide hori umeekin jorratzea erabaki dute: "Batetik, haiek herrian duten parte-hartzea bultzatzeko, eta, bestetik, haien beharrak eta nahiak ezagutzeko".
Bat aukeratuko dute
Kurtzebarri eskolako eta Almenen guneko Lehen Hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailetako hamabost bat ikasle izan dira bi egunean plazan bertan. Eta, Txatxilipurdiko hezitzaileen gidaritzapean, jolasean eta lanean jardun dute. Neska-mutikoek adierazi dute zein jolas egin daitezkeen bertan eta zein itxura har dezakeen plazak.
Lexuri Doyague artista arrasatearra ere lagun izan dute egunotan, eta hark jaso ditu umeek adierazitakoak eta irudikatutakoak: "Ez du zentzurik helduok erabakitzea euren jolasek zeintzuk izan behar duten. Horregatik, haiek sortu dute guztia; oso gogotsu, gainera".
Hain zuzen ere, umeen proposamenetatik abiatuta, lau zirriborro egingo ditu Doyaguek, eta ikastetxeetara eroango dituzte, botoa eman dezaten neska-mutikoek. Behin bat hautatuta, marrazkia plazara eroango du marrazkilariak. Eguraldia lagun izanez gero, datorren astean izango da hori.