Orain dela bi urte iraungita zegoen aurreko plana, eta Udaleko Berdintasun Sailak erabaki du hirugarrena lantzen hastea. Daiteke Gizarte Aholkularitzak gidatuko du prozesua, eta, lehenengo fasean diagnostikoa egingo dute. Horretarako, Udaleko hainbat sailetako kideak elkarrizketatzen dihardute. "Aurreko planean zehaztutako ekintzak bete diren edo ez ezagutzeko eta helburu berriak errazago zehazteko", azaldu du Daitekeko Joana Puertosek.
Diagnostiko horren beste hanka bat izango da herritarrei zabaldu dieten galdetegitik jasotako informazioa. Kiroldegian eta Arkupen eskuragai dago, eta online ere bete daiteke. "Hamazazpi galderekin osatuta dago eta herritarren pertzepzioa ezagutu gura da", adierazi du Malena Gonzalezek, Udaleko Berdintasun teknikariak.
Behin horiek jasota, irailean diagnostikoa gertu egongo da. Ondoren, udazkenean, eztabaida talde bat sortuko dute herritarren ekarpenak jasotzeko. Eta urtea bukatu aurretik, lau urteko epealdirako plana gertu egongo da. "Orduan etorriko dira neurri eta ekintza batzuk herrian txertatzeko, berdintasunean oinarritutako udalerria gura dugulako", dio Ainhoa Sanchezek, Berdintasun zinegotziak.