Nola gogoratzen duzu jaioterria?
Oso polit gogoratzen dut. Barahonak parke bat zuen erdian, eta goiko eta beheko aldeak zituen. Dena laua zen. Han oso-oso ondo dago ikusita alkohola edatea. Edozein familia-negoziotan eskatu ditzakezu garagardoak, adibidez; ez nator bat, eta hori da nire herrialdearekin lotzen ez nauen puntu bat. Musika zarata igartzen dut faltan.
Egunerokotasuna nolakoa zen?
Nire bi anai-arrebak eta hirurok amonak hezi gintuen. Denera hamabi biloba ginen, eta etxe hartan hiru gela bakarrik zeuden; ahal nuen tokian egiten nuen lo: sofan, beste lau haurrekin ohean... Oso zoriontsu ginen eta ez genuen gauza handirik behar; asko jota, gosaria: kafea ogiarekin. Bai, umeei kafea ematen zitzaien. Ahal zuena eskolara joaten zen; gerora, erregularizatu egin zuten, baina...
Eta zu eskolara joaten zinen?
Nire ama herrira iritsi arte, ez. Alfabetoa, adibidez, 8-9 urterekin ikasi nuen. Nire izena idazten ere ez nekien. Anaia oso argia zen, eta hura joaten zen eskolara. Amonak ahalegina egin zuen anaia eskolara joan zedin, gaitasun batzuk zituela ikusi zuelako.
"Lan egin eta han geratzen diren emakumeen altxatzen dute herrialdea"
Amagatik galdetu nahi nizun.
Puerto Platan egiten zuen lan. Ia ama guztiek egin behar dute lan hiriburuan eta seme-alabak utzi. Herri txiki batean ez dago lanik plantaziorik ez baduzu. Lan egin eta han geratzen diren emakumeek altxatzen dute herrialdea, gizonezkoek emakumeen kontura disfrutatzen duten bitartean.
Zergatik joan zineten handik?
Ama Arrasaten bizi zen gizonezko batekin maitemindu zen. Gu ezagutu gintuen eta amarekin ezkondu zen. Amari proposatu zion Barahonara itzultzeko gurekin egotera, eta hilero dirua bidaltzen zigun. Hainbatetan etorri zen. Amak erabaki zuen Arrasatera etortzea, eta ahizpa eta hirurok etorri ginen. Urtebetera etorri zen anaia. Esan behar dut hiru ezezagun etorri ginela. Azkenean, 10 urte nituela elkartu zen ama gurekin.
Nolakoa izan zen Arrasaterekin lehen kontaktua?
Ni beti izan naiz emakume bat gorpuzduna, hankekin... Oso-oso ederra sentitzen nintzen. Denek esaten zidaten oso polita nintzela. Hona etorri, eta emakume guztiak argalak ziren, azal leuna zeukaten, eta ikusi nuen estereotipo horietan ez nintzela sartzen. Orduan, uste nuen guztia, bat-batean, ez nintzen. Han neska eder batek gorputza eta haragia izan behar ditu; hemen argala izan behar duzu, eta talka handia izan zen.
Arrazakeriarik jasan duzu?
Lehen aldiaz gogoratzen naiz. Botilaren jolasean ari ginen, eta mutil bati niri musu ematea egokitu zitzaion. Esan zidan: "Ez dizut musurik emango, beltza zarelako". Ez nuen sekula halakorik entzun. Ez nuen ulertzen. Arraza ezberdinekoa nintzela hemen ikusi nuen, baina gerora ikusten duzu dominikarrek ere berdin edo okerrago tratatzen dituztela Haitikoak.
"Ez dizut musurik emango beltza zarelako'; ez nuen halakorik sekula entzun"
Dominikar Errepublikan turismoa hazi egin da; bidaiariek errealitatea ikusten dute?
Ez. Esaten didatenean Dominikar Errepublikara joan direla, turismo-gunera joan direla esaten diet, Costa Bravara edo Tenerifera zoazen bezalaxe. Hotel batera joanda, ez duzu herrialdea ezagutzen. Hotelera iristen zarenean, handik ez ateratzeko esaten dizute. Lehen, errespetatu egiten ziren turismoa eta turistak, baina, gaur egun, oso gaizki dago herrialdea. Lapurreta asko daude, eta ezin zara inorekin fidatu. Hori prekarietateak dakar.
Euskalduna sentitzen zara?
Guztiz. Dominikarra naizela esaten didatenean, ez naiz gaizki sentitzen. Badakit zer naizen, badakit nondik natorren. Arraroa da leku batean jaio eta beste toki batekoa sentitzea. Pena ematen dit, nire herrialdeak epaitu egiten nauelako ez naizelako hangoa sentitzen. Hango bachatak, merengeak eta reggaetonak apartak dira, baina Txoria txori barruraino sartzen zait.
Itzuliko zinateke?
Amona ikustera bai, baina nire semearentzat etorkizun bat nahi badut, ezin dut horretan pentsatu. Gainera, han alkoholarekin egiten duten guztiak gogaitu egiten nau. Disfrutatu daiteke edan gabe. Matxismoagatik ere ez nintzateke itzuliko. Matxismo handia dago han, eta defendatu egingo nintzateke. Horrek egoera okertuko luke, eta ez dut nahi. Ez dut nahi semearekin joan eta matxismo jarrerekin hezterik.
Euskara "oso gustuko" duen hizkuntza da Ramirezendako
Euskaraz ulertu arren, kostatu egiten zaio hitz egitea, eta gogora ekarri ditu hona etorri zenean eskolan eman zituen lehen urteak: "Gaztelaniazko liburuak eman zizkiguten, eta azalpenak euskaraz entzuten genituen. Nik esaten nion neure buruari: 'Ze bonba da hau?'. Euskaraz entzundakoa gaztelaniaz azpimarratu behar nuen. Kaosa zen".
Oso argi dauka euskarak haren etxeko ama-hizkuntza izan behar duela. "Nik nire etxean euskaraz hitz egin nahi nuen. Nire semeak, niregandik, ez du hori, baina nik nahi nuen nire semeak jakitea euskara dela bere ama-hizkuntza, eta Euskal Herria jaioterria, ez Dominikar Errepublika; hemen jaioa baita. Noizbait Dominikar Errepublikan txapela jantzita ikusten badut, 'gora txapeldun!' esango diot. Euskadik guztia eman dit".