Hamar urtetarako plana izango da Udalak aurkeztuko duena. Horretarako, Elhuyar Aholkularitzaren gidaritza izan du eta hainbat fasetan garatu dute, parte-hartze prozesu baten bitartez. Lehengo fasean, informazioa hiru bidetatik jaso zuten: euskara arloan orain arte egindakoaren azterketatik, herritarrek erantzundako galdetegitik eta zenbait pertsonari egindako elkarrizketa kualitatibotik. Ondoren, informazio hori laburtu eta euskarak Aretxabaletan duen egoeraren diagnostikoaren zirriborroa osatu zen.
Bigarren fasean, herritarrekin egindako saio irekian, diagnostikoa kontrastatu eta osatu zen, eta datozen urteetarako erronka estrategikoak identifikatu ziren. Eta, azkenik, otsailean egindako saioan Plan Estrategikoa sortzeko lehentasunak eta aurrera begirako egiturak eta lan egiteko modua adostu ziren.
Egindako lan horren guztiaren berri emango dute bihar, eta lehenetsitako gaien inguruan lan-taldeak osatzea da helburua.