Futbolaren eta kirolaren benetako baloreak erakutsi dituzte berdegunean beste behin, Euskal Herriko bost talde nagusietako Genuine ligako taldeek. Adiskidetasunez, kiroltasunez eta alaitasunez jokatu dute Aretxabaletan UDAk eta Aratz elkarteak antolaturiko lagunarteko txapelketa. Aurkariaren golak ere txalokatu dituzte taldeek, jaia borobiltzeko.
Trikitilariek eta panderojoleek lagunduta, futbol zelaira txalo artean irten dira bost taldeak, eta ondoren dantzariek agurra egin diete. Gainera, talde bakoitzeko kapitainak UDAko kamiseta bana jaso du.
"Gizartean denok ditugula aukerak ikusaraztea garrantzitsua da guretzat, eta horregatik antolatzen dugu urtero txapelketa", azaldu du UDAko presidente Agurtzane Elkorok. "Guk dagoeneko ez dugu futbola horrela ikusten. Jokalari hauek futbol alai bat ikusten dute, golak denon artean ospatzen dituzte... Guretako ikaskuntza handia da", gaineratu du.
"Sekulako aukera da Euskal Herriko talde garrantzitsuenak hemen batzea, Aretxabaletan, eta sekulakoa da ere Debagoienan horrelako txapelketa bat izatea. Hau da niretako benetako futbola. Gure partidetan ematen den laguntasuna, elkartasuna eta poztasuna herritarren partekatzea zoragarria da", azaldu du Alaveseko entrenatzaile den Nerian Martin arrasatearrak.
"Aratz elkartean gorriz markatzen dugun eguna izaten da hau. Guretako ezinbestekoa da jendeari erakustea beste gauza batzuk ere posible direla", azpimarratu du Aratz elkarteko Jokin Antxiak.
Alaveseko entrenatzaile lanetan aritu den Nerian Martin arrasatearraz gain, Athleticen entrenatzaile lanetan aritu da UDAko presidente izandako Igor Arenaza aretxabaletarra.