Dantza Asteak ez du hutsik egingo, eta, bederatzigarrenez, askotariko dantzekin beteko dira herriko kaleak, maiatzaren 24tik 31ra bitartean. Jaiki elkartearen eskutik dator aurtengo egitaraua, eta berritasunak iragarri dituzte.
GSR egoitzan ere bai
Adineko pertsonek urtero izan dute lekua, eta aurten ere aretoko dantzen eta euskal dantzen erakustaldia egingo dute Basotxo erretiratuen elkartekoek. Oraingoan, baina, GSR Debagoiena egoitzako kideak ere gonbidatu gura izan dituzte. "Egoitzara bertara joango gara Jaikiko hainbat lagun eta Basotxoko emakume dantzari batzuk", adierazi du Maier Etxebarria antolatzaileak, eta gaineratu du ekitaldi irekia izango dela eta edonork parte hartu ahal izango duela.
Bullying-aren edo eskola jazarpenaren gainean Jaikik berak egingo duen performancea ere berritasunen artean dago: "Gonbidapena bidaliko diegu ikastetxeetako ikasleei, gurasoei eta hezitzaileei, eta saioa bukatutakoan gaiaren inguruan hitz egiteko tartea irekiko dugu udaletxe zaharrean".
Pole dantza ikuskizuna ere berria da; Garazi Abraldes dantzari durangarrak egingo du, Hau ere banaiz izenpean, barra bertikalak eta musikak lagun eginda.
Horiez gain, Rebujito izena duen Sevillako dantzen erakustaldia egingo dute Aretxabaletako eta Arrasateko hainbat lagunek, eta sabela dantzan jarriko du Camden Dance Studioko irakasle den Saray Al Jalilak. Gainera, dantza garaikide ikuskizun bi izango dira: Bergarako Arima Proyect konpainiaren Ubicación en tiempo real eta LaMontoren Nex to my skin. Gasteizko Ikigai estudioak, ostera, kaleko dantzak erakutsiko ditu eta Leizarra musika eskolakoek euskal dantzak.
Hiru lan-saio
Erakustaldiekin eta ikuskizunekin batera ikastaroei ere beti egiten diete lekua Jaikiko kideek, baita oraingoan ere; etzi, domeka, kuarteleko bigarren jam saioa izango dute: "Diziplina askotariko sortzaileen inprobisazio-saioa".
Maiatzaren 31n, ostera, lan-saio bi izango dituzte: batetik, 10:00etatik 11:30era, dantza familian. Rosa Mari Herrador koreografoak gidatuko du eta 4 eta 8 urte arteko seme-alabak dituztenei bideratu diete; eta, bestetik, dantza garaikide ikastaroa. Contacto y partneringen danza contemporanea izena du eta Herradorrek emango du, Alvaro Silvarekin batera. Goizez eta arratsaldez izango da hori. Bi horietarako izen-emate epea zabalik daukate: 686 17 87 19.
Trikitixa Eguna eta Haur Dantzari Eguna
Debagoieneko Trikitixa Eguna ospatuko da bihar, zapatua, Leizarra musika eskolak antolatuta. Goizeko kalejiraren ostean, 12:00etan, hainbat gunetan egingo dute geldialdia herriko zenbait kulturataldek lagunduta: Lekaixoka Bertso Eskolak, Aretxabaleta Abesbatzak eta Aratz taldeak. Jaiki elkarteak ere bi kantutan hartuko du parte, plazan. Eguna borobilduko dute Mugi Panderoa taldearen erromeriarekin, 18:30ean.
Domekan, ostera, bailarako haur dantzariek erakustaldia egingo dute, 10:00etatik 14:00etara; herriko Leizarrakoekin batera izango dira Antzuolako Oinarin, Arrasateko Lore Gazteak eta Txikitxu, Oñatiko Oñatz, Soraluzeko Urrats, Legazpiko Korosti eta Gasteizko Indarra.
Egitaraua
Maiatzak 26, astelehena
- • 17:00 Nagusien dantzaldia. GSR Debagoiena egoitza.
- • 19:00 Performancea: Bullying dantza. Jaiki. Udaletxe zaharra.
Maiatzak 27, martitzena
- • 18:00 Aretoko dantzak. Basotxokoak. Mitarte kalea.
- • 18:30 Sevillako dantzak: Rebujito. Mitarte kalea.
Maiatzak 28, eguaztena
- • 18:00 Euskal dantzak*. Basotxokoak. Mitarte kalea.
- • 19:00 Pole dance*. Garazi Abraldes. Mitarte kalea.
- • 19:10 Kaleko dantzak*. Ikigai konpainia. Mitarte kalea.
Maiatzak 29, eguena
- • 18:00 Euskal dantzak*. Leizarra dantza taldea. Loramendi kalea.
- • 19:00 Sabel dantzak*. Saray Al Jalila. Belorrieta auzoa.
Maiatzak 30, egubakoitza
- • 18:30 Balleta. Arrasate Musikal. Herriko Plaza.
- • 19:30 Dantza garaikidea. Arima Proyect. Mitarte kalea.
- • 20:00 Dantza garaikidea. LaMonto. Mitarte kalea.
Maiatzak 31, zapatua
- • 10:00 Tailerra: Dantza familian. Kuartela.
- • 12:00 Tailerra: Dantza garaikidea. Kuartela.
- • 19:30 Performancea. Mitarte. Dantza Astea: egitaraua
Euria eginez gero, astelehenetik egunera bitarteko ekitaldiak Iturrigorri pilotalekuan izango dira; eta egubakoitzekoak Arkupen.