Kalejirarekin estreinatu da erraldoien konpartsa

Mirari Altube Arrese 2025ko mai. 23a, 09:48

'Demetrio' eta 'Rita' erraldoiak kalera dantzan ateratzeko gertu dagoen Aretxabaletako konpartsa eratu da; zapatuan kalejiran jardun zuten lehenengoz, eta, bizi izandakoarekin "gustura", kide gehiago gonbidatu gura dituzte taldea osatzeko.

Demetrio eta Rita erraldoiak iazko Andramari jaietarako iritsi ziren Aretxabaletara, eta udazkenean konpartsa bat sortzeko lehen pausoak eman zituen Udalak, ate irekiak deituta. Zazpi hilabete pasatu dira ordutik, eta, behin taldea osatuta, lehen kalejira egin zuten joan den zapatuan, Legazpiko konpartsaren arrimuan, Txakolin Egunaren aitzakian.

Taldea osatzea helburu

Zazpi bat lagunek osatu duten taldean Oinatz Agirre eta haren kuadrillako hainbat kide elkartu dira: "Gure umeak erraldoien bueltan zein gustura ibiltzen diren ikusita animatu gara". Andoitz Gomez gazte aretxabaletarra dute irakasle, beste konpartsa batzuetan ibilitakoa – Bergarakoan eta Arrasatekoan, esaterako–: "Zaletasuna herrian zabaldu nahi nuen, eta bete dut ametsa".

Hark dio pisuari neurria hartzea eta orekari eustea direla ikasi beharrekoak: "Hori jakinda ohituko dira kaleetan ibiltzera eta dantzan egitera". Agirrek gaineratu du konfiantza hartzea dela gakoa.

Astero elkartzen dira entseguetan: "Kuadrilla polita osatzen gabiltza, baina jende gehiago behar dugu. Ederra litzateke hamabost edo hogei laguneko taldea izatea, txandatzen joateko".

Andramaixetan beste bi erraldoi

Zapatuko kalejira, konpartsarentzat lehenengoa, mugarri izan zen. Eta bizitakoarekin ezin gusturago geratu dira: "Oso ondo moldatu gara, eta gogotsu gaude hurrengorako". Bultzada handia izan da aurrera egiteko, eta orain beste erronka batzuk dituzte: "Uniforme bat, konpartsa itxura izateko; lokalen bat, entseguak ganoraz egiteko; dantzatzen ikasi…".

Aurtengo andramaixetan, gainera, beste bi erraldoi iritsiko direla aurreratu du Ibai Zangitu zinegotziak: "Ertainak izango dira, eta txino dantzan oinarritutako itxurarekin. Helburua da gaztetxoek eraman ahal izatea eta harrobia sortzen joan".

Ibilbideari ekin berri dion konpartsak dagoeneko hainbat dei jaso ditu; Arrasatetik eta Eskoriatzatik, esaterako. Eta Kataluniara joateko gonbidapena ere badu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak