Aozaratza auzoko Otala Zelai inguruan jai giroa izango da domekan, beste urte batez. Ohi legez, lasterketak izango dira goiz partean. 10:00etan, neska-mutikoek jardungo dute nor baino nor gehiago zelaiaren bueltan; eta 11:00etan, helduen krosa abiatuko da. Izena aldez aurretik eman daiteke, herrikrosa.eus atarian, eta egunean bertan ere bai, zelaian. Urtegiari bira emango diote lasterkariek, eta 8,4 kilometroko ibilbidea osatu.
Erromeria giroari eguerdian emango diote hasiera, herri-kirol jokoekin; arto-jasotzea, lokotx-biltzea, harria-jasotzea eta lasto-jaurtiketa egingo dituzte. Ondoren, Garixe eta Lanberri trikitilariak batuko dira jaira. Bazkaria norberak eroango du, urtero legez, eta antolatzaileek mahaiak eta aulkiak jarriko dituzte. Arratsalde partean, 16:00etan, euskal disko-festa izango da, Mikeltxi DJarekin. Eta 18:00etan, dantza erakustaldiari ekingo diote Leizarra musika eskolako ikasleek.