Euria goian-behean zela, baina "gogotsu" eman zioten hasiera aretxabaletarrek Euskaraldiari eguaztenean, Mitarte kalean egindako ekitaldian. Han elkartu ziren herriko enbaxadoreak eta beste eragile batzuk, eta txapak janztera gonbidatu zituzten ekimenarekin bat egindako ia 1.000 lagunak. Gainerakoei gogorarazi zieten izena emateko epea astelehena arte zabalik izango dela; online egin daiteke edo Loramendiren bulegora joanda eta txapak ere han jaso ahal izango dira.
Egunotako ekitaldiak
Euskaraldia girotzeko, maiatzaren 23an, egubakoitza, Yogurinha Borovak eta Aurori Badiolak Bingoz bingo ikuskizun umoretsua egingo dute, Arkupen, 20:00etan, Udalak antolatuta –sarrera: 6 euro–.
Ekimenari bukaera emateko, azken egunerako, hilaren 25erako, irteera antolatu dute Gatzagara, eskoriatzarrekin batera.