Euskararen erabilera areagotzea eta hizkuntza-ohiturak aldatzea helburu duen ariketa sozialarekin dagoeneko 900 lagunek baino gehiagok egin dute bat Aretxabaletan. Hala ere, eguaztenean bertan ere eman ahal izango da izena: euskaraldia.eus webgunean edo hasiera-ekitaldian bertan. Ahobizi eta belarriprest rolak zehazten dituzten txapak ere banatuko dituzte Mitarte kalean. Maiatzaren 15etik 25era bitartean txapa horiek paparrean "ondo ikusteko moduan" eramatera gonbidatu dituzte herritarrak.
Yogurinha Borovaren ikuskizuna
Euskaraldia girotzeko maiatzaren 23an, egubakoitzean, Yogurinha Borovak eta Aurori Badiolak Bingoz bingo ikuskizuna egingo dute Arkupen, 20:00etan, Udalak antolatuta –sarrera: 6 euro–. Bingo bateko gertaeren berri emango dute umore handiarekin.