Andramari auzunearen lurpean dauden garajeek itogin-arazoak dituzte, eta jabeen komunitateak konponbidea eman gura die horiei. Horretarako, ezinbestekoa izango da hainbat lan egitea garajeen bi solairuetan eta gaineko kirol kantxan. Lan horiek datozen hilabeteetan egingo dituzte, eta, ondorioz, kantxako elementu guztiak kendu beharko dituzte: loreontziak, harmailak, ateak… baita asfaltozko zorua bera ere. Hori aprobetxatuta, garajeen obra bukatu ondoren, kantxa berritzeko lanei ekingo die Udalak.
Kantxa berriaren obra-proiektua bukatzear dago, garajeetako obra zuzendaritzarekin "adostutako zehaztapenetara egokituz" joan delako, Udalak aditzera eman duenez. Hala, datozen asteetan aurkeztuko dute proiektua eta obren lizitazioari ekingo diote.
Eroski zaharraren sarreratik Andramari kaleraino dagoen eremu osoa berrituko da, eta
lanek, garajeetakoek zein kantxakoak, urte amaierara arte iraungo dute. Obrek dirauten
bitartean, oinezkoentzako ibilbideak –ahal diren tokietan– eta etxebizitzetarako eta dendetarako sarrerak egokitu egingo dituzte. Udalak onartu du eragozpenak sortuko direla, baina "hobekuntzak handiak" izango direla dio.