Irungo Ficoba erakustazokak Eusko Jaurlaritzak antolatzen duen EuskoSkills 2025 txapelketa jasoko du maiatzaren 13tik 15era. Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketako ikasleentzat hitzordu garrantzitsua izango da hori, bertan euren trebetasunak eta gaitasunak lehiaren bidez erakusteko aukera izango dute eta.
ALEren protagonismoa
Aretxabaleta Lanbide Heziketa Eskolak (ALE) protagonismo berezia izango du aurten, ordezkaritza zabala eramango du-eta Irunera. Zazpi ikasle aurkeztu dira, bost espezialitatetan: Soldadura espezialitatean, Alex Martins, Ohian Martinez irakaslearekin; Karrozeria espezialitatean, Jazmin Comellas, Jorge Bellanco tutorearekin; Osasun-zainketa espezialitatean, Jokin Arrese eta Mara Nogales, Laura Perez irakaslearekin; Ibilgailuen Elektromekanika espezialitatean, Alain Aguirreurreta eta Markel Peñakoba, Ander Cebrian tutorearekin; eta Ibilgailuen Pintura espezialitatean, Ekaitz Zabarte, Haritz Arabaolaza irakaslearekin.
ALEko eskola bultzatzaile Lourdes Mendia pozik dago EuskoSkillsen parte hartuko duten ikasle kantitatearekin, eta eskolan egiten den jarduna ondo ordezkatuta gelditu dela uste du: "Ikasle horiekin eskola guztia gelditzen da ordezkatuta. Hiru alor nagusi ditugu: industria, zaintza eta automozioa. Eta hiruretako jendea lehiatuko da".
Motibazioaren indarra
Txapelketan parte hartuko duten zazpi ikasleak ezin motibatuago daude, eta txapelketaren aurreko azken aste hauetan lan eta lan dabiltza detaile guztiak fintzen. Motibazio horrek ikasketa esparruan ere garrantzia hartzen duela uste du Mendiak: "Ikasleak motibazio horrekin askoz ere gehiago trebatzen ditugu. Entrenatzeko nahi horren baitan, euren gaitasun teknikoak asko hobetzen dira".
Horrenbestekoa da ikasleek garatzen duten motibazioa, batzuk arratsaldez ere praktikak egiten hasi dira: "Guretzat garrantzi berezia du txapelketa honek; bereziki, motibazio puntu horregatik. Zenbait ikasle arratsaldeetan ere etortzen dira, euren kabuz praktikak egitera. Erdi mailako profiletan arratsaldeetan etortzeko borondate hori garatzea oso garrantzitsua da".
EUSKOSKILLS 2025 TXAPELKETARA AURKEZTU DIREN ZAZPI IKASLEAK "OSO MOTIBATUTA" DAUDE
Erakusleiho garrantzitsua
Motibaziorako tresna garrantzitsua izateaz gain, autonomia erkidego mailako erakusleiho handi bat da txapelketa. Etorkizunari begiratuta, ikasleentzat aukera paregabea da EuskoSkills, hainbat enpresatako kideak izaten dira-eta bertan, ikasleen gaitasunak ikusi eta aztertzeko: "Enpresek parte hartzen dute bertan, eta egindako lana enpresek ikusten dutela jakitea oso gauza garrantzitsua da. Gainera, horrelako lehiaketa batean parte hartze hutsak curriculuma betetzeko balio die".
Hala ere, gaitasun teknikoak neurtzeko espazio bat baino gehiago da EuskoSkills: ikasleentzat aberasgarria den esperientzia oso bat. "Horretaz guztiaz gain, kristoren esperientzia da ikasleentzat. Irunen hiru egun pasatzeko aukera izaten dute eta euren gisako hainbat ikasle ezagutzen dituzte", dio Mendiak.
Historia luzea txapelketan
EuskoSkillsen helburu nagusia Lanbide Heziketako ikasleen talentua nabarmentzea da, eta Aretxabaleta Lanbide Heziketa Eskolaren ibilbide sendoak modu argian erakusten du bertako ikasleak erronka handiei aurre egiteko prestatuta daudela. Eskolak txapelketan duen historiak berresten du hori, haren hastapenetatik parte hartu duen eskoletako bat da eta. Mendiak azaldu duenez, urte hauetako guztietako esperientzia oso positiboa izan da eskolarentzat zein parte hartu duten ikasleentzat. Emaitzak onak izan ohi dira, eta Soldadurako espezializazioan, adibidez, badute garaipen bat.
Aurten ere, ondo pasatzera eta garaipenaren bila joango dira ALEko ikasleak, Lanbide Heziketako Euskadiko selekzioan sartu eta Espainiako SpainSkills Txapelketan parte hartu ahal izateko.