Bigarrenez egingo den Argazkia.eus topaketak zortzi argazkilari batuko ditu Arkupen maiatzaren 10ean. Aretxabaletako Udalak Gasteizko Jardin Remoto ekimenak lagunduta antolatutako lehiaketako irabazleak izango dira zortzi horiek, eta haien bildumak aurkeztuko dituzte egunean zehar: goizez 10:30etik 13:00etara bitartean eta arratsaldez 17:00etatik 19:00etara. Hain zuzen, azken orduan egingo da sari banaketa ekitaldia. Herritarrak gonbidatu dituzte lanak bertatik bertara ezagutzera; sarrera 6 euro da.
Aretxabaletako saria, Alberdik
Argazkigintzari "balioa eman eta eta argazkilariei laguntzeko" asmoz abiatu zuen topaketa Udalak, eta iazkoak izandako "harrera beroak" bultzatuta iritsi da bigarrena. Askotariko estiloak –paisaia urbanoak, natura, pertsonak…– lantzen dituzten Euskal Herriko zazpi lurraldeetako argazkilari bana sarituko dituzte, baita Aretxabaletako bat ere; Jon Ander Alberdi, hain zuzen ere. Ondare bilduma aurkeztu du hark, abandonatutako baserrien eta bestelako eraikinen argazkiekin osatutako sorta. Lanaren berri emateko hitzartzea 11:00etan egingo du.
Hona hemen gainerako irabazleak:
- Gipuzkoa Telmo Sanchez Ugalde.
- Araba Leonor Uriarte.
- Bizkaia Iñaki Izquierdo Muxika.
- Nafarroa Ainhoa Tejerina.
- Lapurdi Severine Dabadie.
- Nafarroa Beherea Camile Chopin.
- Zuberoa Eliane Heguiaphal.
Egitaraua
Hona hemen eguneko egitaraua:
- 10:30 Ate irekiera, aurkezpen ofiziala eta instituzionala.
- 11:00 Aretxabaletako irabazlearen hitzartzea.
- 11:30 Gipuzkoako irabazlea.
- 12:00 Arabako irabazlea.
- 12:30 Bizkaiko irabazlea.
- 13:00 Erakusketaren irekiera: Gustavo Bravo komisarioak azaldutako erakusteka kolektibora bisita gidatua.
- 14:00 Bazkaltzeko atsedenaldia.
- 17:00 Nafarroako irabazlea.
- 17:30 Lapurdiko irabazlea.
- 18:00 Nafarroa beherako irabazlea.
- 18:30 Zuberoako irabazlea.
- 19:00 Sari banaketa eta jardunaldiaren amaiera.
Topaketarekin batera, argazkien erakusketa inauguratuko dute; Gustavo Bravo komisarioak gidatuko du bisita irekia, argazkilariekin batera. Maiatz osoan egongo dira ikusgai lanak: astelehenetik egubakoitzera bitartean goizez eta arratsaldez eta zapatuetan goizez.