2024ko urtarrilean jarri zuten abian Aretxabaletako zazpi lagunek 721 proiektua, eta urtebete beranduago 6. Danbaka lehiaketako Ekinez saria irabazi dute, lehenengo diskoa kalean da eta kontzertu-sorta dute aurrez aurre. Ibilbide berriari ilusio handiarekin ekin diote: "Musika estilo propio bat sortuta eta gure bidea jorratuta, diskoak dioen bezala: norabide bakarrean".
Musika urbanoa eta punk-Oi!-a
Proiektua berria izan arren kideek badute eskarmenturik beste talde batzuetan jardun dutelako: Deskarga, Oihu, HKB… Musika urbanoa landu izan duten Ekso (Mikel Egia Barandiaran) eta Pxli (Markel Bengoa Lana) abeslariak elkartu ziren Gusi (Ugutz Rosado Garcia) DJarekin eta punk-Oi! musikaren bueltan ibilitako beste hainbatekin: Parra (Andoni Parra Alonso) gitarra-jolea; Okina (Ander Okina Alutiz) baxu-jolea; Liher (Liher Oiarbide Arrese) bateria-jolea eta Jul (Julene Rosado Garcia) tronpeta eta gitarra-jolea. Pxlik onartu du estilo ezberdinak nahastu dituztela: "Diskoa ez dugu estilo bakar batera mugatu nahi izan eta bakoitzaren eraginak askatasunez uztartu ditugu. Horrek eman dio nortasun berezia gure soinuari".
"Talde Giro onean osatu dugu lehenengo lana eta jendearengana iritsi egin da"
Diskoa kolaboratzaileekin
Iazko urte hasieran ekin zioten ibilbide berriari: "Portasol auzoko jaietan jo genuen lehenengoz eta jasotako harrera ikusita aurrera egitea erabaki genuen. Hortik etorri da Norabide bakarrean diskoa: eguneroko lanarekin eta talde giro onean; eta jendearengana iritsi egin da".
Zortzi abestirekin osatu dute eta hainbat talde eta musikari izan dituzte lagun, besteak beste, Txerrikumeak, Tatta, Axeri eta Fane. "Gure ibilbidean ezagutu ditugun musikariekin eta betiko lagunekin kolaboratzeko aukera polita izan dugu; horrela, diskoa borobilduz eta benetan zerbait berezia sortuz".
Hona hemen zortzi abestiak bideoklip eta guzti:
- Intro + 721 Rec.
- Trampas
- 00´(feat. Iren)
- Iraun borrokan (feat. Kanu, Neallta Fola)
- Niebla y Bruma (feat. Tatta)
- Bizitza Pirata (feat. Axeri, Fane)
- Guerreros II
- Momentu latzetan (feat. Txerrikumeak)
Gaur Oñatin; 31n, Bergaran
Diskoa aurkezteko lehen kontzertua joan den astean eman zuten Arrasateko San Andres auzoko jaietan eta oso pozik daude emaitzarekin: "Zuzenekoan ikusi dugu abesti berriek eta estiloak oso ondo funtzionatu dutela. Pozik eta eskertuta gaude".
Gaur, egubakoitza, Oñatin izango dira San Migel Txiki jaietan. Eta maiatzaren 31n Bergaran egingo den Ekinez jaialdian joko dute, sari hori eskuratu zutelako Goienak antolatutako musika lehiaketan: "Esperientzia ederra izan zen Danbaka. Ekinez saria eskuratzeak ere poza eman zigun, aparteko aukera delako gure proiektua ikusarazteko eta mundura zabaltzeko. Baina bereziki garrantzitsua da lehiaketan egindako bidea eta ikasitakoa".