Denboraldiko etxeko azken partidua galdu egin du UDAk

Txomin Madina Milikua 2025ko mai. 4a, 20:47

Aretxabaletakoek 0-1 galdu dute Eibarren kontra. Norgehiagoka hasi aurretik, hurrengo denboraldira begira UDA utziko duten bost jokalariei aurreskua dantzatu diete.

2024-2025 denboraldian Ibarran jokatu duen azken partidua izan da gaur arratsaldekoa UDArentzat. Arratsalde berezia Ibarran batu diren zaleentzat, eta are bereziagoa datorren urtean Aretxabaletako taldean jarraituko ez duten bost jokalarientzat.

Iago Zuazua, Haritz Diaz de Guereñu, Urtzi Lopez, Xabi Azpiazu eta Markel Perez dira taldea utziko dutenak, eta gaurko partidua hasi aurretik alebin mailako neskek aurreskua dantza egin diete txistulariek lagunduta. Txalo zaparrada bero batekin bukatu da omenalditxoa.

UDAren babesle Aretxabaleta Okidengiko Antonio Herruzok egindako ohorezko sakeari jarraitu dion Eibarren aurkako partiduak baina, ez du UDAkoek nahiko zuketen amaiera izan. Lehen zatian egin du Eibarrek gaur Ibarran ikasi ahal izan den gol bakarra, eta Aretxabaletakoak ez dira gai izan markagailuari buelta emateko. Hala, 0-1 izan da azken emaitza.

"Bagenekien partidu lehiatua izango zela eta horrelaxe izan da", azaldu du partiduaren ostean UDAko entrenatzaile Unai Calzonek, eta gaineratu. "Eibar talde gaztea da, azkarra eta haien kontra gauzak erabat ondo ez egiteak zigorra dauka. Talde ona da eta zoritxarrez galdu egin dugu".

Denboraldiko azkena, Portugaleten

Datorren astean izango da UDAren denboraldiko azken partidua, Portugaleteren etxean jokatuko duena. Dena den,  eta batez ere denboraldi hasieran izandako emaitza onei esker, Aretxabaletakoek bermatuta dute datorren urtean ere Hirugarren Mailan arituko direla.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak