'Argazkia.eus': euskal argazkilarien topagunea

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2025ko api. 18a, 10:27

Aretxabaletako Saria irabazi duen Jon Ander Alberdiren Ondarea bildumako argazki bat. Argazkia: Jon Ander Alberdi.

Aretxabaletako Udalak –Gasteizko Jardin Remoto ekimenak lagunduta– egin duen bigarren argazkilaritza lehiaketak baditu irabazleak; horien artean, herriko Jon Ander Alberdi. Maiatzaren 10ean, argazki-sinposioa egingo dute Arkupe kultura etxean.

Argazkigintzari "balioa eman eta eta argazkilariei laguntzeko" asmoz abiatu zuen Aretxabaletako Udalak, iaz, Argazkia.eus lehiaketa, eta, izan zuen "harrera onak" bultzatuta, bigarrenez antolatu dute. "Arrakastatsua izan da aurtengoa ere, parte hartzeak gora egin du eta sariketa txalotzeko mezu asko jaso ditugu", dio Jardin Remoto ekimeneko Sandra Remonek.

Zortzi irabazle guztira

Euskal kulturari erpin askotatik begiratzen dioten askotariko argazkiak jaso dituzte, eta horietatik zortzi egileren lanak saritu dituzte (Ikus taula). "Denetarikoak daude: abandonatutako baserriak; mendiko artzaintza; langile-auzoetako bizimodua; arrantzarekin lotutakoak... Eta horiez gainera, esaterako, transexualitateari eta euskal emakumeei buruz jarduten duten erretratuak ere jaso ditugu".

Alberdik, 'Ondare' bilduma

Abandonatutako baserrien eta bestelako eraikinen argazkiekin sortu du Aretxabaletako Saria irabazi duen Ondare bilduma Jon Ander Alberdi argazkizaleak. "Aitortza oso polita da eta proiektuarekin jarraitzeko gogoa bultzatu dit. Aretxabaletakoak eta Eskoriatzakoak dira horiek, baina baditut eskualdean zein kanpoan ere beste batzuk begiz jota eta, akaso, egunen baten katalogo zabalagoa sortuko dut", azaldu du Alberdik.

Topaketa maiatzaren 10ean

Zaraia aretoan egingo dute erakusketa. Gustavo Bravo komisarioak gidatuko du bisita irekia eta han izango dira saritutako argazkilariak ere.

Lehiaketako atalak eta irabazleak

  • Aretxabaleta Jon Ander Alberdi.
  • Gipuzkoa Telmo Sanchez Ugalde.
  • Araba Leonor Uriarte.
  • Bizkaia Iñaki Izquierdo Muxika.
  • Nafarroa Ainhoa Tejerina.
  • Lapurdi Severine Dabadie.
  • Nafarroa Beherea Camile Chopin.
  • Zuberoa Eliane Heguiaphal.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak