Umore ona, jai giroa, mozorroak, ironia eta runba doinuak, "abstraktuak, noski", ez dira falta Kaparrak hamaikakoaren bueltan. 2023ko irailean sortutako taldeak lehenengo diskoa kaleratu du: Urtzi. Ez da disko fisikoa, baina zortzi abesti jasotzen ditu, eta horien berri eman dute orain dela bi aste zabaldutako bideoklip banarekin; bideo horiek ikustaldi kopuru handia izan dute, gainera. Hona hemen: Galtzaile; Txepelak; Jaula ta Jabe; Gune Autogestionau; Loretxoa; Ikusi Arte; Metele; eta Agur Atxabalta.
Urte eta erdiko ibilbidea
Lehen kontzertua Aretxabaletan bertan eman zuten, 2023ko sanmigeletan. Orduan abiarazitako ibilbidea ez zuten inondik inora espero. "Lagunartean ondo pasatzeko aitzakia izan zen taldea: elkartu herriko auzoren batean, gitarra jo, eta gustuko ditugun kanta ezagunak abestu. Ondoren, kontzertu bat ematera animatu ginen, eta horren ostean etorri ziren beste mordo bat", adierazi dute taldeko kideek.
Hasierako taldean bigarren gitarra eta bateria sartu zituzten, taldea osatuz; hona hemen kideak: Eñaut Beltran de Heredia (abeslaria), Markel Perez eta Markel Elortondo (gitarra-joleak eta abeslariak), Beñat Elkorobarrutia (baxua), Josu Irure (bateria eta abeslaria), Unax Barrainkua (kaxa eta abeslaria) eta Endika de Tena, Unai Cebrino, Aitor Caballero, Aritz Zubia eta Oier Azkunaga (txaloak eta koruak). Haiek sortutako lehenengo abestia Bollikau izan zen eta haren arrakastak ezustean hartu zituen: "Edonora joanda ere, jende guztiak zekien". Herri askotako jaietatik eta gaztetxeetatik pasatu dira urte eta erdian, eta beste hainbati ezetza esan behar izan diete, ezin iritsita. Kontzertuak asko, eta beti mozorrotuta: "Zergatik? Galdera ona. Aratusteak oso gustuko ditugu, eta mozorrotzea ere bai. Erdi bromatan hasi ginen, eta show-aren parte da orain".
Herrikideen kolaborazioak
Eñaut Beltran de Heredia bada ere frontman-a, ez da abeslari bakarra: "Guztiok dugu lekua mikrofono aurrean". Diskoan hainbat herrikide izan dituzte lagun: Glutenbakuak taldea Agur Atxabalta abestian; Mari Karmen eta Xeli Etxeandia ahizpak Ikusi Arte kantuan; eta Luis Mari Elkorobarrutia akordeoi-jolea Txepelak-en. Bideoklip gehienak ere lagun eta herrikideekin egin dituzte: "Kaparrak, atxabaltarrak diogu guk, eta hori erakusten dugu egiten dugun guztian. Era berean, guk dioguna serioegi ez da hartu behar; errealitatearekin edozein antzekotasun kasualitate hutsa da eta".
Kontzertu-sorta aurrez aurre
Udaberriko kontzertu-sortari bihar, zapatua, ekingo diote, Ordizian. Ondoren, apirilaren 19an, Guadalajarara joango dira, eta maiatzean Zumaian, Galdakaon, Musakolan (Arrasate), Zestoan eta Ekinez jaialdian (Bergara) izango dira. "Gogotsu gaude abestu, jendea dantzan jarri, parrandan egin eta ondo pasatzeko".