UDAk bana berdindu du Urdulizen aurka

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko api. 6a, 19:15

Ibarra zelaian jaso dituzte bizkaitarrak aretxabaletarrek, eta puntu bana poltsikoratu dute. Durangoren aurka arituko dira datorren jardunaldian.

Urdulizen aurkako partidua jokatu du gaurkoan Aretxabaletako taldeak, Hirugarren Mailan, eta bana berdindu dute. "Beraiendako azken aukera bat zen irabazteko eta Hirugarren Mailan jarraitzeko eta, horrenbestez, bagenekien oso zaila izango zela partidua irabaztea", adierazi du Aitor Iriondo jokalariak.

Haren hitzetan, "ondo" hasi dute partidua, "goialdean presioa" egiten, baina lehenengo gola sartzearekin batera "erlaxatu" egin direla dio: "Momentu hori aprobetxatu dute Urdulizekoek gola sartzeko, eta, ondorioz, banakoan iritsi gara atsedenaldira". Bigarren zatian, berriz, ez dute punturik eskuratu, saiakerak egin dituztela aitortu arren: "Sartu dugu gola bat, baina jokoz kanpo izan da. Ez dugu irabazterik izan, pena handiz".

Hurrengoa, Durangon

Durango izango dute aurrez aurre datorren jardunaldian, eta hiru puntuak eskuratzeko asmoz joango direla nabarmendu du Iriondok, Hirugarren Mailan mantentzea baitute helburu. "Historikoki egon da Hirugarren Mailan edo Bigarren B Mailan, eta oso ona da taldea, aurten horren ondo ez dabiltzan arren". Partidu horretarako, horrenbestez, besteetarako bezalaxe, "egunerokoan zentratzen" saiatuko dira UDAkoak: "Egunean egunekoa egiten dugu, eta ez dugu horrenbeste pentsatzen hurrengo asteetan. Horrela ondo gabiltzala uste dut; sailkapenean ere nahiko sendo gabiltza. Horrela jarraitu behar dugu".

Gainontzeko taldeak

Mondrak etxean jokatu zuen partidua zapatuan, hilaren 5ean, Zumaiakoaren aurka, baina etxekoek ezin izan zuten garaipena eskuratu, 1-5 eginda. Gizonezkoen Ohorezko Erregional Mailan dabiltzan eskualdeko gainontzeko taldeei dagokienez, berriz, etxetik kanpo jokatu zuten Aloña Mendik eta Bergarak: oñatiarren kasuan, 1-0ean amaitu zuten norgehiagoka, eta, horrenbestez, ez zuten irabaztea erdietsi; bergararrek, ordea, bai, 1-3 amaitu baitzuten Deusturen aurkako partidua.

Emakumezkoen Ohorezko Erregional Mailan, berriz, Bergarako taldea da bailarako ordezkaritza bakarra: zapatuan, hilaren 5ean, jokatu zuten Elgoibarren aurkako partidua Agorrosinen, eta garaipena eskuratu zuten 3-1 eginda.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak