Hiru idazle, gertu azken liburuen berri emateko

Mirari Altube Arrese 2025ko api. 7a, 09:17

Josune Murgoitio, Judit Ruiz de Munain eta Gema Iñiguez, liburuekin.

Aretxabaletan bizi diren Josune Murgoitio, Judit Ruiz de Munain eta Gema Iñiguez idazleek iaz argitaratutako liburu bana aurkeztuko dute apirilaren 9an, Arkupen; haiekin kontu kontari jarduteko tartea izango da, eta mokadu bat ere eskainiko dute.

Liburuaren Nazioarteko Eguna aitzakia hartuta, azken urteetan legez, ekitaldi bat antolatu dute herriko hainbat idazlek. Oraingoan, Josune Murgoitio, Gema Iñiguez eta Judit Ruiz de Munain elkartuko dira, 2024an idatzitako liburuak aurkezteko. Apirilaren 9an izango da, 18:00etan, Arkupeko bigarren solairuko aretoan. "Literatura gustuko dutenak, literatura solasaldietan elkartzen direnak eta bertako idazleen lanak ezagutu gura dituztenak gonbidatzen ditugu", adierazi dute.

Turkia kokaleku

Murgoitiok (Arrasate, 1985) Turquia sin sus mujeres liburua aurkeztuko du: "Eleberri motza da, eta komiki estiloan egindako lehenengoa. Hor kontatzen dut zer gertatuko litzatekeen Turkian emakume guztiek lo hartuko balute". Umore handiarekin kontatutako istorioa dela azaldu du. Murgoitioren zazpigarren liburua da, eta gehienek dute ardatz Turkia: "Sarri joan izan naiz herrialde hartara, eta han jasotakoa islatzen dut gero". Egunero idazteko ohitura du, eskuz lehenengo eta gero ordenagailuz, eta buruan badituela beste ideia batzuk aurreratu du.

Misterioa eta erotismoa

Iñiguezek (Arrasate, 1970) Que nadie se entere eleberriaren berri emango du, haren lehenengoa; aurretik kontakizun erotikoen liburu bat du argitaratuta: "Honek ere erotismoa du, eta misterioa ere bai. Eleberri bat idazteak beldur apur bat ematen zidan, baina pozik nago, herritarrengandik harrera beroa izan duelako. Pentsa, beste atal bat egiteko ere eskatu didate!". Oraingoz, ez du horretarako asmorik, baina hurrengo liburu baterako ideiak badarabiltza buruan.

Ipuinen liburua

Ruiz de Munainek (Agurain, 1973) ipuinen liburu bat aurkeztuko du: Fronteras, experiencias cercanas a la vida. "Helduendako kontakizunak dira, hainbat istorioren bilduma da. Eta adimen artifizialarekin egindako irudiak sartu ditut". Laugarren liburua du, eta badu nerabeentzako idatzitako beste bat ere, argitaratzeko zain. "Gustuko dut liburuen bueltako guztia: idazteak bete egiten nau, eta polita izaten da merkatuetan egon eta irakurleen iritzia jasotzea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak