Azken hamarkadetan teknologiak izan duen garapenak bizitzaren alor guztietan eragin du, baita hezkuntzan ere. Aretxabaleta Lanbide Heziketa Eskolako kideak jakitun dira teknologia berriek irakaskuntzan izan ditzaketen balioez, eta aurrerapauso garrantzitsuak ematen dabiltza noranzko horretan. Garapen horren froga nabarmenetakoa Menpekotasun Egoeran Dauden Pertsonen Arretako eta Erizaintza Zaintza Osagarriko ikasleak simulazioan pedagogian trebatzen hasi direla.
Teoria praktikan jarri
Aretxabaleta Lanbide Heziketa Eskolak Bartzelonako enpresa espezializatu batekin izandako lankidetzari esker, 4D Health simulation teknologia berritzailearekin hasi da lanean. Metodologia horrek osasunaren eta laguntzaren arloetan izan daitezkeen egoera konplexuak erreproduzitzeko aukera ematen die ikasleei, eta horiei modu praktikoan aurre nola egin behar zaien erakusteko aukera ezin hobea da.
Simulazioei esker, Menpekotasun Egoeran Dauden Pertsonen Arretako eta Erizaintza Zaintza Osagarriko ikasleek, kasuak behatzeaz gain, horiek lehen pertsonan bizitzeko aukera dute, eta ikasketak modu praktikoan garatzeko aukera eskuratzen dute. Hala, diziplina arteko talde bateko profesionalek nola jarduten duten eta arreta eta mendekotasunaren testuinguru batean familia-dinamikak nola kudeatzen diren ahalik eta modu errealistenean ikasteko modu paregabea dute eskura. Funtsean, teoria praktikara eramateko bide perfektua da 4D Health simulazioa.
Simulazioak baino gehiago
Menpekotasun Egoeran Dauden Pertsonen Arretako eta Erizaintza Zaintza Osagarriko ikasketez gain, Lanbide Heziketako Eskolak beste hainbat ziklotan ere jarri ditu simulazio-sistemak. Automozio eta Eraikuntza Mekanikoko zikloetan, esaterako, hainbat simulazio-sistema ezarri dituzte, ziklo horietako ikasleek ere teoria praktikara inolako zailtasunik gabe eraman dezaten. Modu horretan, eskolak irakaskuntza praktikoan eta esperientzia errealetan egindako apustua indartu du.
Hala ere, simulazioa ez da Aretxabaleta Lanbide Heziketa Eskolak kalitatezko hezkuntzaren alde egin nahi izan duen apustu bakarra: Automozio eta Eraikuntza Mekanikoko zikloei begira, Teknologia Aplikatuko Gela berria inauguratuko du laster, teknologiaren aplikazioa bultzatzeko konpromisoa berretsita. Gela berri horretan ikasleek 3D inprimagailuak, laser ebaketa-teknologiak eta punta-puntako beste ekipamendu batzuk izango dituzte eskuragarri. Horren asmoa da ikasleen artean berrikuntza eta esperimentazioa sustatzen joatea.
Profesionalak helburu
Lanbide Heziketa Eskolako kideek argi dute azpiegitura berri horietan inbertitzea ezinbestekoa dela, finean, ikasleen etorkizunean inbertitzea delako. Biharko teknologiak gaur egun eskuragarri izateko egin den etengabeko lan horrek ikasleei are errealistagoak eta teknologikoagoak diren inguruneetan ikasteko aukera emango die. Horri guztiorri esker, eskolan murgiltze-ikasgela sendoagoak sortuz doaz.
Esfortzu horrek ekarriko du eskolak bere sorreratik izan duen helburu nagusia geroz eta hobeto betetzea: etorkizuneko profesionalak ahal bezain ondoen prestatzeko aukera izatea. Aretxabaleta Lanbide Heziketa Eskolan ikasleek aukeratu duten sektoreko erronkei segurtasun eta gaitasun handiagoz aurre egiteko tresnak izango dituzte, eta puntako langile bilakatuko dira.
Teknologia berri horien bidez teoria eta praktika ingurune seguru eta kontrolatuan uztartzeko aukera izateak hezkuntza esperientzia aberasgarria eskaintzen du, merkatuak gaur egun dituen beharretara egokituta. Proiektu horrekin, Lanbide Heziketako Eskolak kalitatezko irakaskuntzarekin duen konpromisoa sendotzen du, egungo garaietara egokituta, eta esperientzian oinarritutako ikaskuntzan zentratuta. Hezkuntza-bikaintasunerako apustu bat da, biharko profesionalen prestakuntzan aldea markatuko duena.