Iazko urrian aurkeztu zuen bere burua Txit Karramarro hirukote aretxabaletarrak jendaurrean. Kuartelak antolatutako egunean, hain zuzen ere. Eta bihar, bigarren kontzertua emango du, Gazte Egunaren bueltan; 22:30ean izango da, Ezkutu tabernan.
Estilo nahastea
Proiektua berria da eta kideak gazteak, baina eskarmentu handia duten musikariak elkartu dira. Peio Uribetxebarria gitarra-jotzailea (Aretxabaleta, 2005), Jokin Uribetxebarria baxu-jolea (Aretxabaleta, 2000) eta Gari Barandiaran bateria (Eskoriatza, 2000) beste talde batzuetan ere badabiltza: Jokin eta Gari orain dela bederatzi urte sortutako Jasan taldeko kide dira, eta Peio sartu berri da Nhil taldean; horrez gain, bakarkako proiektu bat ere badu, Bassabe izenekoa. Eta azken horrek kuarteleko estudioan musika produktore lanetan dihardu diskoak grabatzen; besteak beste, Eten, Oihu, Kaparrak eta 721 taldeenak.
Orain dela pare bat urte, baina, beste zerbait egiteko harra sartu zitzaien hirurei: "Musika nahiko antzekoa, iluna, entzun izan dugu, eta metal estiloko talde bat osatzea bururatu zitzaigun. Entseguei ekin genienean, baina, melodia triste eta ilunekin ez ginen gustura sentitu. Hala, Rukula eredu hartuta, talde alai, instrumental eta dantzagarria sortzea erabaki genuen".
'KARRAMARROCK' ETIKETAREN AZPIAN ESTILO ASKO SARTU DITUZTE: ROCKA, METALA, FUNKA…
Izena ez da nolanahikoa: "Biologiako eboluzio konbergentea den kartzinizazioan inspiratuta aukeratu dugu". Eta, estiloari dagokionez, karramarrock etiketa jarri diote euren buruari, horren barruan sartuta: rocka, metala, funka, diskoa… "Kaltzifikazioa oinarritzat hartuta gure helburu nagusia musika jota gure txit-era heltzea da, eta musikalki karramarrotzea bai gu eta bai entzuleak", diote.
Bigarrenerako "gogotsu"
Aho zapore gozoa utzi zien aurkezpen kontzertuak, iazko Kuartel Egunekoak: "Herriaren aurrean modu ez-formalean aurkezteko egun aproposa zela iritzi genion. Asko disfrutatu genuen emanaldiarekin eta garbi ikusi genuen proiektuari forma eman eta aurrera egin gura genuela". Negua pasatu dute abestiak prestatzen eta grabatzen, eta horiek erakusteko gogoz daude orain: "Bigarren emanaldi honetarako Salatari kantua atera berri dugu, bideoklip eta guzti, eta jendearen erantzuna jasotzeko irrikan gaude". Horrez gain, beste hiru kantu grabatzen bukatzen dabiltza eta kontzertu batzuk ere lotu dituzte: "Gogotsu gaude jotzeko".