Atxabaltako Gazte Mugimenduaren 21. urteurrena ospatuko dute zapatuan

Mirari Altube Arrese 2025ko mar. 26a, 08:23

Iazko andramaixetan gazteak bazkaltzen.

Gazte Eguna antolatu du Atxabaltako Gazte Mugimenduak martxoaren 29rako, eta horrekin, elkartearen 21. urteurrena ospatzea dute helburu Hainbestetan Amestu Douen Atxabalta eraikitzea lelo hartuta.

Azken sei urteetan bi aldiz ospatu dute Gazte Eguna, 2019an eta 2023an. Iaz, Gazte Mugimenduaren 20. urteurrena –Atxabaltako Gazte Ekimena 2004an sortu zuten–, "Gazte Egun handi" batekin ospatzea zen asmoa, baina hori egiterik izan ez zutenez aurten helduko diote ospakizunari. "Helburua izango da Aretxabaletako gazte desberdinak elkartzea, guztiok ondo pasatzeko egun bat egitea, eta leloak esaten duen moduan Hainbestetan Amestu Douen Atxabalta eraikitzea", adierazi dute antolatzaileek.

Hitzaldia, bazkaria eta musika

Egitaraua antolatu dute Lohixak taldearekin batera; horregatik, zapatu goizeko hitzaldia nabarmendu gura izan dute: Drageatzen den herria ez da inoiz hilko, Andriginan eskutik –udaletxe zaharrean izango da, 11:00etan–.

Bazkaltzeko, mahaiaren bueltan 90 bat lagun izango direlakoan daude; txartelak salgai egongo dira martxoaren 26a arte Urbaltz eta Ezkutu tabernetan. "Aurten, gainera, Atxabaltako Gazte Mugimenduko kideak izango dira sukaldean bazkaria prestatzen". Bazkalorduan gazteen artean sortu izan den giroa azpimarratu gura izan dute, baita jolasen bueltan eta gaueko kontzertuetan egongo dena ere.

Iluntzea hain zuzen ere, Elektrotxuflak girotuko du; gauaren hasiera, Leire&Dorleta bikote eskoriatzarrak; eta gaua Txit Karramarro talde aretxabaletarrak, Ezkutun. Pintxada kolektiboak emango dio bukaera jaiari, Urbaltzen.

Aretxabaletako gazteak gonbidatu dituzte aurreko urteetako andramaixetako kamisetak janztera eta "Aretxabaleta kolorez betetzera".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak