Corrado Massaciren txotxongiloak ikusteko azken aukera

Mirari Altube Arrese 2025ko mar. 21a, 07:30

Hainbat haur, martitzenean, Massaciren inguruan, txotxongilo bati begira.

Panpina haridunekin 46 urte lanean jardun ostean, erretiroa hartuko du Italian jaiotako artista ezagunak; bizitoki duen Ondarroan erakutsiko ditu azkenekoz hark sortutakoak, eta azken-aurreko erakusketa Arkupen dauka, hilabetea bukatu artean.

Corrado Massaci (Ravena, Italia, 1959) artistaren txotxongiloekin beteta dago Arkupeko erakusketen aretoa. Ez du ondo gogoan zenbatgarrenez etorri den Aretxabaletara –bost alditan, behintzat, bai–, baina lehenengo erakusketa udaletxeko ganbaran egin zuela badu akorduan. Ordutik hona, urte asko pasatu dira, eta, oraingoan, Irudimenarekin jolasten bilduma eroan du Arkupera. Erretiroa hartu aurreko azken-aurreko erakusketa izango da, eta martxoaren 28a arte izango dira ikusgai panpinak.

35 urte erakusketak antolatzen

Txotxongiloak izan ditu lagun azken 46 urteetan Massacik. Arte Ederren ikasketak bukatu orduko konturatu zen txotxongiloek "magia berezia" zutela, eta haien bitartez komunikatzeko bide bat topatu zuen. Panpina bakoitzak istorio bat kontatzen du eta istorio bakoitzak panpina bat du. Erakusketa didaktiko ibiltariak egiten dihardu urte askoan, 35 inguruan, eta gai bat aukeratuta horren bueltan sortzen ditu. Antzinako txotxongiloen tradizioari eutsita, egurrarekin egiten die gorputza eta paperezko pastarekin burua, "toxikoagoak diren materialei" muzin eginda. Hori bai, ez daude bi panpina berdinak. "Pantaila batera ohitura dagoen begi batek, begi exijente batek, segituan nabaritzen du ezberdinak direla, eta, horri esker, kuriositateari eusten dio", azaldu du artistak. Ez dute hitzik egiten panpinek, baina beharrik ere ez dute neska-mutikoen arreta eskuratzeko, "magia" galduko luketelako: "Mugimendua da garrantzitsuena".

Umeen irudimena piztu

Irudimenarekin jolasten erakusketa sortzerakoan umeak izan ditu gogoan, eta Arkupeko hormetan bildu ditu robotak, emotikonoak, estralurtarrak, punkak eta antzeko beste pertsonaia batzuk: "Umeen irudimena piztea da helburua. Kasu batzuetan, zelan egin ditudan azaltzen diet, haiek ere sortzera anima daitezen". Inprobisatu egiten du emanaldietan, umeen erantzunari jarraituta, eta horiek aldatu egin direla igarri du; hala ere, orduan legez, orain ere harrera ezin beroagoa egiten diote: "Hala izan ez balitz ezingo nukeen jarraitu hainbeste urtean".

Corrado Massaci

"Erretiratuta ere sortzen jarraituko dut"

300 txotxongilo baino gehiago sortu ditu 46 urteko ibilbidean, eta orain, kutxetan gordeko ditu guztiak.

Baduzu kuttunik?

Bai, ikuskizunetan eta erakustaldietan gehien erabiltzen ditudanak; pailazo txikia eta tximinoa, esaterako. Tximinoak 42 urte ditu, eta lan asko egin dut harekin; horregatik, besteak baino gertukoago sentitzen dut.

Guztiak dituzu gordeta?

Bai, noski. Bakoitza bere poltsan bilduta, eta gero, kutxetan sartuta.

Erretiratutakoan zeinek emango die bizitza panpina horiei guztiei?

Ez dakit. Alabari eta ilobari utziko diet nire legatua, eta haiek erabaki beharko dute zer egin.

Txotxongiloak lotara, eta zu?

Ni atseden hartzera. Sortzen jarraituko dut baina ez naiz ibiliko atzera eta aurrera erakusketekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak