Hezkuntzan eta kirolean oinarritu gura izan dituzu ikasketak?
Bai, betidanik gustatu izan zaizkit bi alor horiek, eta, erabakia hartu behar izan nuenean, argi izan nuen hortik bideratu nahi nuela nire etorkizuna. Beraz, ez nuen zalantza askorik izan. Historia, Geografia edota Euskal Filologia ikastea ere pentsatu nuen, baina gerora irakasle izateko.
Urteetan ibili zara futbolean, baina orain beste modu batera bizi duzu; garagardo batekin eskuetan?
Garagardo batekin baino gitarrarekin nahiago; kar-kar. Orain nire zaletasuna musika da, eta buru-belarri nabil nire taldearekin batera abesti berriak sortzen eta entseatzen. Esan beharra daukat oraindik ere futbola ikusten dudala eta gustuko dudala, baina noizean behin eta lagun artean ikusteko.
Futbola utzi ostean, harrapatu zaitu beste kirolen batek?
Futbolean urte luzez aritu naiz, eta, egia esan, oso bizipen politak izan ditut; oraindik ere batzuetan faltan igartzen dut. Partiduren bat jokatzeko gogoa izaten dut sarritan. Mendiko bizikletak harrapatu nau, eta oso gustura egiten dudan jarduera bat da. Herri inguruko mendiak baino ederragorik ez dago, eta haietaz gozatzea izugarrizko plazera da niretzat.
Musikan ere badiharduzu; anaiekin etxean kontzertuak jotzeak izan du eraginik?
Txikia nintzenetik izan dut gogoa gitarra jotzeko edota talde bat edukitzeko. Bi anaiei etxean kontzertuak jotzeko eskatzen nien; agian, horrek ere nahi hori ez itzaltzeko bultzada eman zidan. Duela hiru urte hasi nintzen gitarra jotzen, nire lagun Maialenekin, eta gogo handiz hartu genuen proiektu hura. Gaur egun talde bat daukagu, eta gozatzen eta ikasten ari naiz.
Historiaren frikia zarela diozu; nongo historiak harritu zaitu gehien?
Zaila egiten zait bat aukeratzea, baina bat esatearren: Espainiako gerra. Izan ere, gure gizarteak izugarrizko eraldaketa politiko eta soziala jasan du hamarkada hauetan guztietan, gure aitona-amonen bizipenetatik oso urrun gaude eta askotan ahaztu egiten zaigu nondik gatozen.
Denboran atzera eginda, historiako zer aro biziko zenuke?
Erdi Arora joango nintzateke. Kuriositatea pizten dit orduko bizimoduak eta gertatutako gerrek. Horrez gain, pelikuletan azaltzen den hiztegia erabiltzen zuten ziurtatzea ere gustatuko litzaidake; kar-kar.
MOTZEAN
Bailarako mendi bat. Maruatx.
Ikasgai gustukoena. Historia.
Aretxabaletarra, 1etik 10era... Aretxabaletarra: 0; atxabaltarra: 10.
Patata-tortilla, nola? Tipularekin eta berakatzarekin.
Bidaiatzeko toki bat. Galizia.
Abesti bat. Fichras taldearen Pozoinaren ondoan.