Loramendi euskara elkartearen baitan sortutako Haurren azpitaldeak 1994ko abenduan jarri zuen abian ludoteka. Hiru hilabeterako proba egiteko zabaldu zuten, Otalora plazatxoko lokal batean, eta, ireki orduko, txiki geratu zitzaien; izan ere, 172 erabiltzailek eman zuten izena. Arrakasta ikusirik, jarraitzea erabaki zuten, eta, 30 urteren ostean, "osasuntsu" dirau.
Ostiral bizi ekimena, abian
Umeendako jolaslekua izateko sortu zen; betiere, euskara ardatz izanda. Ikastetxetik kanpoko harremanetan ere euskararen erabilera sustatzeko, hain zuzen ere. Eta gaur egun ere horri eutsita dihardute lanean, heziketa ahaztu gabe.
Haur eta begirale askoren topaleku izan da Algara ludoteka 30 urteko ibilbidean. Gaur egun, Ilargi plazan du egoitza, eta azken ikasturte honetan 65 ume inguru elkartzen dira, Beñat Arizabaleta eta Ane Dakosta begiraleen babesean. "Umeendako ondo pasatzeko espazio seguru bat izatea da gure ahalegina. Jolasen bidez ikasten jarraitzeko eremu bat", dio Arizabaletak. Gaineratu du iaz 100 umetik gora izan zituztela, eta hori dela erabiltzaileak zein gurasoak gustura dauden seinale.
Urrian hasi zuten ikasturtea, ohi legez, eta orain, Ostiral bizi ekimena jarri dute abian: "Egubakoitzetako ekintza da, eta helburua, ume nagusiak, Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailetakoak, gurera erakartzea". Dagoeneko igarri dute ume kopuruak gora egin duela egun horretan: "Hogei umetik gora etorri dira, eta uste dut asmatu dugula proposamenarekin". Arrakasta handia duten ekintzen artean sukaldaritza tailerrak daudela gaineratu du: "Prestatzerakoan ondo pasatzeaz gain, egindakoa jan egiten dutelako gero".
Herrira zabaltzea helburu
Urteurreneko ospakizunetan dagoeneko murgildu dira, eta hori baliatu gura dute herrira zabaltzeko. "Ludotekak herrian presentzia izan dezan eta jendeak jakin dezan hemen gaudela eta zenbat ekintza egiten ditugun". Era berean, herriko neska-mutikoak animatu ditu antolatutakoetan parte hartzera.
Otsailean hasi ziren ospakizunak, photocall-a antolatuta Durana kalean, eta hilabete guztietarako antolatu dute ekitaldiren bat. Martxoaren 17tik 21era bitartean, Distira ihes-gela izango dute ludotekan bertan; apirilaren 4tik 11ra, gaueko zinema; eta maiatzean, Ludoteka irudiberritzen ekimena. Ospakizunak ekainaren 6an amaituko dira, jaialdi batekin.