Fun Dantz dantza urbanoen jaialdia bederatzigarrenez izango da Ibarra kiroldegian, bihar, zapatua, 18:30ean, Logela Multimediaren eskutik. Hiru kategoriatan banatuta lehiatuko dira: Urban Dance Absolutuan –17 urtetik gorakoak–, zortzi talde; Urban Dance Junior multzoan –12-16 urte artekoak–, hamar talde; eta Urban Dance Haurrak multzoan –11 urte artekoak–, bost talde. Azken bi kategorietan Debagoieneko talde bana izango da: Candem Vibes eta Candem Joys, hurrenez hurren. Gainerakoak etorriko dira, besteak beste, Barakaldotik, Durangaldetik, Donostiatik eta Iruñetik.
Talde horien koreografien maila epaitzen punta-puntako hiru adituk jardungo dute; hirurak dantzari urbano profesionalak: Extremo, Carmina eta Jooker.
Irabazleek –kategoria bakoitzetik bana– diru saria eskuratuko dute, batetik, eta BreakOnStage jaialdirako txartela, bestetik; maiatzaren 17an jokatuko da hori, Barakaldon.